[Erreportajea] Suteek erakutsitako baso bizia
2021eko otsailaren 20an sutea piztu zen Beran, eta azkar batean Irunera iritsi zen. Bi urte pasa dira ordutik, eta naturaren bere onera itzultzeko indarra ikus daiteke orain.
Hego haizea, lehortea eta sute arriskua. Hiru baldintza horiek elkartu ziren 2021eko otsailaren erdialdean, eta hil horren 20ean elkarlanean aritzea erabaki zuten. Ondorioz, baso-sutea piztu zen Nafarroako Bera herrian, eta azkar batean mugakide duen Irungo Bidasoa auzora hedatu zen, Aiako Harria Parke Naturalera, hain zuzen. Haize zakarrak bere haserre erakustaldia egin zuen, eta sua Endarlatsara eta Biriatura zabaldu zuen ere bai. Guztira, 1.800 hektarea erre ziren Irun, Bera, Lesaka eta Biriatuko lurretan: horietatik 360 hektarea Irungoak.
Oroitu beharra dago suteak bi egun iraun zituela, otsailaren 21ean sua egonkortu, haizea lasaitu, euria hasi eta itzali egin ahal izan baitzuten Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako suhiltzaileek. Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak azaldu zuen hego haize zatarra sutea piztu baino bost egun lehenagotik zebilela indartsu, eta orduko 130 kilometroko abiadura hartu zuela. Hezetasuna %40tik beherakoa zela adierazi zuen aldi berean. Baldintza horiek eta inguru horretan dauden maldak direla eta, sua erraz eta indar handiz zabaldu zen, eta une batez, sugarrek Aiako Harriko parke osoa inguratu zuten Ipar Euskal Herritik, Lesakatik eta Beratik.
Behin sua joanda, balorazioak egiteko txanda izan zen. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak jakinarazi zuen Gipuzkoako azken hamar urteetako suterik larriena izan zela. Irunen, aspaldiko esanguratsuena.
Bi urte pasa dira sute horretatik eta hitza-k baso horiek egun zein egoeratan dauden jakiteari ekin dio. Egiari zor, negua ez da sute baten ondorioak garbi ikusteko urtarorik egokiena, hostoak erorita baitira eta paisaiaren kolore gama oso antzekoa da. Udaberrian, berde kolorearen eta erretakoaren arteko talka nabarmenagoa izango da. Gainera, gizakien egutegian bi urte pasa badira ere, naturak denbora ez du termino horietan ulertzen, eta aldaketak ikusi nahi badira bere denbora erritmoei egin behar zaio jaramon. Dena den, basoak beren orbainekin hantxe daude, eta erretakoa ikustea zuhaitzetara asko gerturatuta lortzen da. Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko departamendutik azaldu gisan, zuhaitzen beheko aldea da batez ere erre zena. Alegia, zuhaitzak ez ziren guztiz kiskali, argazkietan ikus daitekeen moduan. Baso beltzen irudia pelikuletan ikusten dela normalean azaldu du Irungo Udalak. Urte asko dituzten zuhaitzak ez zirela erre ere zehaztu dute. Horrek ez du esan nahi zuhaitzek ez dutela inolako kalterik jasan edota gainazaleko kalteak direnik soilik, gerora, tenperatura altuekin bai erre daitezkeelako. Faktore hori hortxe dago, eta aldaketa klimatikoarekin probabilitatea handitu egin daiteke. Oraingoz, lehortu ziren enborrak bere kabuz erortzen ari dira. Batik bat, bertako zuhaitzen basoak suntsitu ziren: Endarlatsako hariztia, eta Bidasoa inguruko haritzak.
Ama lurren indarra ezin da gutxietsi. Arbola batzuk bere kabuz leheneratzen ari dira, horiek sua zuhaitzaren oinetatik pasa zirenak dira. Badira beste zuhaitz gazte eta zuhaizti batzuk kalte larriagoak jasan zituztenak, baina zorionez, beraien kabuz ernaberritu dira. Inguru batzuetan zuhaitz gazte horiek landatu berriak ziren, eta haien altuera neurria metro batekoa zen, gutxi gorabehera. Landarea hil egin zitzaien horiei, baina ernaberritu egin ziren sustraietatik, eta egun sutea izan aurretik ziren bezala daude, teknikariek azaldu dutenez. Kontua da orain hostorik gabe daudela zuhaitzak, eta ez dela nabarmentzen sendatzen hasiak direla. Baso berdeaz gozatzeko pazientzia dela gakoa diote teknikariek. Gaixotzen den pertsona batek bezala, denbora eta zaintza behar ditu mendiak ere bere onera itzultzeko.
Esku-hartzeak
Ekintzetara joz, sutea izan eta berehala ernaberritzeko gaitasuna zuten inguruetan hesiak jarri zituen udalak. Era horretan, animalia belarjaleak eta abereak ez ziren sartu, eta ez zituzten jan berriz jaiotzen ari ziren landareak. Lan horiek egikaritu ondoren, itxaron egin behar izan zuten landareak hazten segitu zezaten. Horrez gain, badaezpadako sastraka-kentzeak egin zituztela azaldu du udal teknikariak, landare horien hazkundeari laguntzeko. Gainera, suak mozteko bideak egin zituzten, beste sute bat izatekotan bertaratu ahal izateko eta hobeto lan egiteko. Babestu egin dituzte ernaberritzen ari ziren landareak, naturak bere bidea egiteko.
Gipuzkoako azken hamar urteetako suterik larriena izan zen 2021ekoa.
Bestetik, Bidasoa auzoan erretako ingurua N-121 errepidearen gainean dago. Beraz, eroritako zuhaitzak kentzea garrantzitsua da gizakiei –eta kasu honetan ibilgailuei– eragin ez diezaieten. Horiek kendu egin zituztela baieztatu du Irungo Udalak, baina lehortutako zuhaitz batzuk ez dituzte eraman, elikagaien erreserba direlako. Alegia, kendutako eroritako zuhaitzak gizakiarentzako arriskutsuak zirelako ezabatu ziren, eta ez naturaren lehengoratzea errazteko. Izan ere, biodibertsitateari onura egiten diote zuhaitz lehorrek.
Ildo horretan, hitza Bidasoa auzoan bizi diren eta sutearen ondorioengatik kezkatuta dauden baserritarrekin hitz egiten saiatu da, baina egoeraren puntu honetan ez dute hitz egin nahi izan, udalarekin harremanetan daudelako eta datozen egun eta hilabeteetan zuhaitzen aferan aurrera pausuak emango direnaren itxaropena dutelako. Orain arte, zuhaitzak N-121 errepidera erortzearen beldur ziren auzotarrak, eta lehenbailehen konponbideak nahi zituzten, haiekin kontaktuan jartzerakoan adierazi dutenez.
Karbono funtsa
Udalak eta aldundiak eskumen desberdinak dituzte erre diren lurrei dagokienez. Aldundiaren ardura da landatzeena, lursail publikoa delako. Abenduaren hasieran «pagoak, haritzak eta zuhaixkak» landatuko zituztela azaldu zuten Irungo udaletxean Asensio diputatuak eta Jose Antonio Santano alkateak. Horretarako, instituzioen arteko elkarlana txalotu zuen alkateak.
Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioak, karbono funtsak sortu ditu. Funts horiek bideratzen zaizkie «isuriak aitortzera behartuta ez egon arren, beraien karbono aztarna konpentsatu nahi duten sektoreetako eragile ekonomiko eta sozialei». Funts horien xedea da «Gipuzkoako enpresei laguntzea klima zaintzeko konpromisoa beren gain hartzen, eta lurraldearen erresilientzia hobetzen», tokiko eta lurraldeko proiektuen bidez beren karbono aztarna konpentsatzeari esker. Laburbilduz, erretako ingurua lehengoratzeko eta lurzoruen gaitasuna hobetzeko garrantzitsua izango da diru laguntza hori. Funtsaren lehenengo lehengoratze proiektua izan da Bidasokoa.
Zuhaitzak N-121 errepidera erortzearen beldur ziren inguruko auzotarrak.
Gaur-gaurkoz, Aiako Harrian erre zen Etxolazarreta eremuaren 20 hektareatan gauzatu da lehengoratzea, 58.000 euroko diru funtsarekin. Karbono aztarna konpentsatzeko 10 enpresek emandako 100.000 eurorekin egin dira lan horiek. Orotara, 12.000 tona CO2 baliokide konpentsatu dituzte, 100.000 euroren baliokide da gas kopuru hori. Irunen, beraz, 6.960 tona CO2-ri dagokio erresilientzia bultzatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak planarekin. Erronka handia dute aurretik, baina Ama lurri kasu eginez gero, eskertza berehala iritsiko da.