EAJk alkateari eskatu dio Segurtasun Batzordea biltzeko lehen deia egin dezan
Abenduan batzordea eratu zenetik ez dutela bilkura bat bera ere egin salatu dute jeltzaleek.
Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Hiri Ituna sinatu zuten irailean udalbatza osatzen duten alderdi guztiek. Segidan, abenduan, Itunak zentzua izan zezan batzorde iraunkor bat sortu zuten. EAJk gaur salatu du alkateak oraindik ez diola batzordeari bilera egiteko gonbita luzatu.
Kezkatuta daude jeltzaleak, “premiazko gaia izanik, alkateak geldotasunaren alde” egin duelako. Irailean adostutako Ituna “izapide hutsa” izan denaren susmoa dute.
Bestalde, irundar asko “segurtasun ezaren sentsazioa” duela diote, aurreko asteburuan izandako eraso sexista bat ikertzen ari delako Ertzaintza, eta “Irun aspalditik dabilelako nahi gabeko gertaerak jasaten”.
Batzorde guztietara joango direla hala deituz gero argitu nahi izan du EAJk, “segurtasuna lehentasunezko gaia baita gure taldearentzat, baina baita Irunentzat eta bere pertsonentzat ere”.
Lehenengo bilera lehenbailehen dei dezala eskatu diote, “horrela gure hiriak bizi duen egoera aztertu ahal izateko, eta irundarren egunerokotasuna hobetu ahal izateko”.