Mendeluko bizilagunei "ke gehiago ez saltzea" eskatu du Abotsanitzek
Mendelu auzoaren azken urteetako egoeraren errepasoa egin du abotsanitzek. Bizilagunek "konpromisoak" behar dituztela garbi du Abotsanitzek, "eta ez promesak".
Maiatzeko Udal eta Foru hauteskundeetara hurbiltzen ari garen honetan, Abotsanitzek Mendelu auzoaren azken urteetako egoeraren errepasoa egin du; izan ere, udal taldearen ustez, Mendelu auzoko birgaitzea “azken urteetan ahazturik egon den, baina azken aldian indarra hartu duen proiektu horietako bat” da.
2019ko urtarrilean Txomin Sagarzazu alkateak Mendelu-Eskapatxulorako plan berezia aurkeztu zuen. “Erabakirik hartu ez arren, promesak egin ziren” eta Abotsanitzek “kea saltzen” ari zirela salatu zuen.
Handik lau hilabetera egikaritu ziren udal hauteskundeak eta EAJk gehiengo absolutua lortu zuen. Hauteskundeen ondoren, bizilagunak “ahanzturan” gelditu zirela esan du Abotsanitzek, eta bien bitartean, Mendelu Zaharra auzo elkarteak gobernuan ez dauden alderdi eta herri eragileengatik babesa eta laguntza jasotzen hasi zela gogoratu dute: “Abotsanitz, Balazta, Podemos+EH Bildu…”.
Mendelu auzoko bizilagunen eskariak Batzar Nagusietara heldu ziren. Eskaera horiek, besteak beste, errepidearen trafikoa jaisteko neurriak hartzea, soinu panelak jartzea edota bidegorri segurua eraikitzea ziren. Batzar Nagusietan, baina, “hilabete luzez, ezikusiarena egin zuten”. Bizilagunak mobilizatzen hasi ziren: manifestazioa egin eta 2022ko abenduan udalbatzan mozioa aurkeztu zuten, talde politiko guztien artean onartu zena.
Urte hauen guztien ondoren, Udal eta Foru hauteskundeen atarian, “beteko ez diren promesak egiteko garaia” heldu dela esan du Abotsanitzek eta Aintzane Oiarbide Foru Diputatuak aste honetan Txomin Sagarzazu alkatearekin egindako prentsaurrekoa ildo horretan doala adierazi dute: “Mugikortasuna aztertzeko erakunde arteko mahai bat eratzea proposatu dute. Orain arte lanean aritutako eragile sozial eta alderdi politikoak informatu gabe, inolako zehaztasunik gabe eta helburu zehatzik jakin gabe”.
Horregatik guztiagatik, Mendeluk “konprimisoak” behar dituela adierazi dute, “eta ez promesak”. Horretarako, lan politiko “zuhur eta zuzena” egin dadin exijitu eta bizilagunei “ke gehiago ez saltzea” eskatu du Abotsanitzek.