Teresa Errandoneak eta Iker Arozenak, zilarra Espainiako Txapelketan
BATeko atletak sasoi onean daudela erakutsi zuten iragan asteburuan, emaitza paregabeak lortu baitzituzten lehiatu zuten txapelketetan.
Atletismoko Espainiako Txapelketak jokatu ziren iragan asteburuan Madrilen, Bidasoa Atletiko Taldeko bederatzi ordezkarirekin, eta emaitza bikainak erdietsi zituzten klubeko kirolariek. Emaitza esanguratsuenak Teresa Errandoneak eta Iker Arozenak lortu zituzten, biek bereganatu baitzuten zilarrezko domina.
Teresa Errandoneak lesioa atzean utzi duela erakutsi zuen berriro ere. Espainiako Txapelketa jomugan zuen atleta irundarrak, iazko garaipena berresteko eta Europako Txapelketarako minimoa lortzeko. Finalaurrekoetan aurtengo markarik onena lortu zuen, 8,08 segundoko denborarekin. Finalean ezin izan zuen Xenia Benach garaitu, eta bigarren postuan bukatu zuen, 8,13ko denborarekin. Orain, atseden hartuko du, indartsuago itzultzeko.
Iker Arozenak daraman sasoi paregabea borobildu zuen Madrilen. 23 urtez azpiko txapelketan nagusitu eta Europako Txapelketarako minimoa lortu ondoren, garaipenaren bila irten zen luzera jauziko proban. Zortea ez zuen aldeko izan Arozenak, sei jauzietatik soilik bi izan baitziren baliozkoak. 7,67 metroko jauziarekin, zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen hondarribiarrak, Jaime Guerrak poltsikoratu baitzuen txapelketa 7,90 metroko jauziarekin. Orain, buru-belarri prestatuko du martxoaren 2tik 5era Istanbulen (Turkia) jokatuko den Europako Txapelketa.
Gainontzekoan ere, maila altua erakutsi zuten BATeko atletek. Teresaren anaia, Juan Errandonea, bosgarren izan zen jauzi hirukoitzean, eta brontzezko dominatik 12 zentimetrora geratu zen soilik. Marieta Joverrek lesioa atzean utzi duela erakutsi zuen, eta seigarren sailkatu zen luzera jauzian. Victoria Briso hamargarren izan zen pentatloian eta Malen Orduña, aldiz, hamaikagarren pertikan. Espainiako Txapelketa lehiatu zuten BATeko beste atletak Elena Martin, Beñat Mikelarena eta Angela Castell izan ziren.
Gazteak ere, bikain
Espainiako maila absolutuko txapelketaz gain, Euskadiko Txapelketak jokatu ziren gazte mailan; 16, 18 eta 20 urtez azpiko mailan. Emaitzak paregabeak izan ziren, hainbat domina erdietsi eta marka bikainak egin baitzituzten kirolari gazteek.
- Urreak
16 urtez azpiko mailan, lau urre lortu zituzten BATeko kideek: Naia Llorentek altuera jauzian; Jon Gajatek hesietan; Egoitz Mikelarenak 300 metrotan; eta Hugo Vazquezek 1.000 metrotan.
18 urtez azpiko mailan, berriz, hiru urre ekarri dituzte etxera: Alaine Agerraldek 400 metrotan; Leire Martiarenak 200 metrotan; eta Aritz Zuazok altuera jauzian.
20 urtez azpiko mailari dagokionez, bi urre: Mario Estangak pertikan eta Joaquin Alonsok hesietan.
- Zilarrak
16 urtez azpikoek hiru zilarrezko domina lortu zituzten: Egoitz Mikelarenak 60 metrotan; Rafael Caseauk jauzi hirukoitzean; eta Alai Cabellok 1.000 metrotan.
18 urtez azpiko mailan, bi zilar: Elaia Tapiak luzera jauzian eta Iker Ibarguenek 1.500 metrotan.
20 urtez azpiko mailan, aldiz, Laia Olaskoagak lortu zuen zilarrezko domina bakarra, 60 metrotan.
- Brontzeak
16 urtez azpiko mailan, Rafael Caseauk lortu zuen brontze bakarra, luzera jauzian.
18 urtez azpiko mailan, bi brontze: Leire Mariarenak 60 metrotan eta Izaskun Sanzek 800 metrotan.
20 urtez azpikoek ere brontzezko bakarra erdietsi zuten. Laia Olaskoaga izan zen protagonista, 200 metrotan.