Sigma Project Quartet laukotea, igandean Amaia KZn
Ricardo Requejo zikloaren barruko kontzertua da, eta 19:00etan hasiko da. Lau saxofoi jotzailek osatzen dute taldea, pianista batek lagunduta.
Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Sigma Project Quartet laukoteak kontzertu bat eskainiko du igandean, hilak 26, 19:00etan, Amaia KZn. Laukotea lau saxofoi jotzailek osatzen dute: Andres Gomis, Angel Soria, Alberto Chaves eta Josetxo Silguero. Haiekin batera, Mario Parisuelosek pianoa joko du.
Ricardo Requejo Ganbera Musikako Zikloaren programaren barruan sartuta dago emanaldia. Sarrerek bost euroko prezioa dute eta bi modutara eskura daitezke: Amaia KZren webgunean edo antzokiaren txarteldegian emanaldia hasi baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada.
Ricardo Requejo Ganbera Musikako Zikloa
Ricardo Requejo zikloan ganbera musikako kontzertuak eskaintzen dituzte ibilbide profesional nabarmena duten hiriko musikariek. Ziklo hori bost kontzertuk osatzen dute, eta urtearen lehen erdian antolatzen dira Amaia KZn.
Kontzertu horien bidez, musikako ibilbidea Bidasoaldean hasi eta Irungo Musika Eskolan ikasi zuten tokiko artistei aukera ematen zaie egindako aurrerapenak Irunen bertan erakusteko.
Sigma Project Quartet taldeari dagokionez, Josetxo Silguero kidea irundarra da. Laukoteak Madrilen du bere egoitza eta sortu zenetik, bederatzi produkzio diskografikotan hartu dute parte. Beren ibilbidean 150 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte munduan zehar, eta momentu honetan, estatuko musika talde aktiboenetakoa direla azaldu dute antolatzaileek.