Oiassoko termak kontserbatzeko lanak lizitatu egin dituzte
2.950.678,43 euroko aurrekontuarekin termak babestu eta egokitu egingo dituzte behatu ahal izateko. 14 hilabetetan amaitu beharko dituzte lanak.
Oiasso Museo ondoan dauden termak berreskuratzeko proiektua lizitatu du Irungo Udalak. Hala jakinarazi du gaur Jose Antonio Santano alkateak, eta gaur egindako agerraldian lanen xehetasunen berri eman du.
Ondare historikoa, ondare kulturala eta ondare naturalak “babesteko” udalak duen proiektuaren barruan kokatu du alkateak termak berreskuratzeko proiektua. Lizitazioaren aurrekontua 2.950.678,43 eurokoa da, eta lanak gauzatzeko epea 14 hilabetekoa.
Next Generation funtsak erabiliko dituzte lan hauek egikaritzeko. Laguntza horien zenbatekoa bi milioi eurokoa da, eta horietatik 1.490.000 euro birgaitze-proiekturako erabiliko dituzte. Gainerako aurrekontua, digitalizazio-elementuetarako eta aztarnategiari lotutako beste beharretarako izango da.
“Gure ondarea berreskuratzea gure historiarekin konektatzea eta memoria egitea da” adierazi du segidan, eta hirian dauden “lehen mailako” ondareak zerrendatu ditu Santanok: “Erromatarren garaian hasita, Oiasso eta Santa Elena ermita, eta XX. mendekoak, berriz, Etorbidea zubia eta Gerra Zibileko gertaerak”.
Ondarea berreskuratzearekin bertako ekonomia eta lana sustatuko dela dio alkateak. “Helburua da Irun erakargarria izatea mapa turistiko historiko eta kultural baten baitan, eta horrek sektore horietako profesionalei mesede egitea”.
Termak berreskuratzea
Oiasso hiri erromatarreko termak, egun Oiasso Museoa dagoen eraikinaren atzealdean topatu zituzten. Bada, orain termak berreskuratzeko hasiko dituzten lanen helburua termak babestea dira, eraikin berri baten bitartez, museoa bera ere handituz.
Ondarea babesteko eraikinak 448,57 metro karratu izango ditu, eta hiru funtzio beteko ditu. Batetik, museoari lotuta egongo den eraikin berriak, termak babestuko ditu egurats zabaletik.
Bestetik, museoaren ibilbidea luzatuko dute, bisitariak termen gainetik “flotatu” egingo dutelako aurrerantzean. Horretarako, pasabide metaliko eta obalatu bat jarriko dute termen gainetik. Sarrera museoaren atzeko partetik izango da, eta bi eraikinek hortxe izango dute elkartze puntua.
Guztira hiru plataforma eraikiko dituzte. Horietako bat, Junkal eliza behatzeko; Erdialdean beste bat termak behatzeko; eta Sarasate kalean egiten ari diren plaza berriarekin lotzeko beste bat. Larrialdietarako irteera izango du bertan ere eraikinak.
Aldi berean, hiri eremua termetara gerturatuko dute ere: “Funtsezko beste helburu bat da proiektuaren eraikinaren ondoko hiri-espazioa Irungo hirigune historikoaren zati gisa eta, beraz, hiri-helmuga gisa ulertzea”, dio Santanok.
Lotura hori lortzeko hiria termetan integratzeko urbanizazio lan batzuk egingo dituzte, probestuz orain Fermin Calbeton kalean egiten ari diren etxebizitza berrien obrak. Kalea eta termen artean beiratezko erakusleiho handi bat jarriko dute, eta aztarnak ikusteko beste perspektiba bat sortuko dute hartara.