Erromatar gerlaria, Bidasoa Iruneko maskota berria
Lau proposamenen artean bozkatuena izan da, botoen %53,57arekin. Klubak adierazi du "gene borrokalaria eta hiriaren historia" irudikatzen dituela.
Asobal Ligako azken jardunaldian, Bidasoa Irunek jakinarazi zuen klubeko bazkideek maskota berria bozkatu ahal izango zutela Artalekun. Klubak lau proposamen eskaini zizkien bazkideei, horien artean bozkatu zezaten: pottoka bat, superheroi bat, erromatar gerlari bat eta zale bat.
Bozketak, bada, badu garailea, eta erromatar gerlaria izango da aurrerantzean Bidasoako maskota berria. Klubak adierazi du 300 bazkide inguruk eman zutela botoa Bathco Torrelavegaren aurkako partidaren egunean. Erromatar gerlariaren proposamena botoen %53,57arekin nagusitu da, alde nabarmenarekin, gainera. Bigarren bozkatuena pottoka izan da, botoen %35,72a lortuta. Zalea %5,72ak babestu du, eta superheroia, aldiz, %2,14ak. %3,21ak boto zuria eman zuela esan du klubak.
Bidasoak iragarri du erromatar gerlariaren proposamenak “klubaren gene borrokalaria” irudikatzen duela, baita “hiriaren historia ere”. “Borroka transmititu eta gure klubaren eta Irungo historiaren arteko lotura islatzen duen pertsonaia da”, gaineratu du klub irundarrak. Maskotaren jantzia garatzeko, Oiasso Museoak lehen urratsa emango duela aurreratu du Bidasoak, “alderdi estetikoak zuzenduz eta zehaztasun historikoaren xehetasunak berretsiz”.
Klubak aurreikusten du maskota berria denboraldia bukatu baino lehen prest egotea. Erromatar gerlaria gazte itxurako pertsonaia izango da, kolore hori eta urdinez jantzia, “harrobiaren eta gaztetasunaren balioa irudikatuz”.
Espainiako junior selekzioa
Bidasoa Irunek jakinarazi du Gorka Nieto, Eneko Furundarena, Julen Urruzola eta Julen Mujika jokalari gazteak Espainiako junior selekzioarekin izango direla Hungariako Nazioarteko Txapelketan parte hartzeko. Rodrigo Reñones prestatzaileak deitutako 16 jokalarien artean daude bidasoarrak. Martxoaren 6tik aurrera kontzentratuko dira, eta txapelketa martxoaren 10ean eta 11n jokatuko da.