[Bideoa] Hirugarren haurtxokoa irekitzeko prest
Ate irekiera larunbat honetan egingo dute, eta izen emateak datorren astelehenean hasiko dira (hilak 27).
Gaur aurkeztu dute Irungo hirugarren haurtxokoa. Juan Arana kalean dago, Pio XII auzoan eta 4 eta 11 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutakoa da.
Izena emateko datorren asteko astelehenera arte itxaron behar da (hilak 27a da) eta martxoaren 4a baino lehen egin. Prezioa 40,60 eurokoa da, eta hobariak dituzte anai-arrebak dituztenak. Kontsulta horiek egiteko, udalaren orrialdeko Gazteartean atalera jo behar da.
Hautaketa prozesua sinplea izango da: izen emate hurrenkeran esleituko dira plazak. Hiru txanda daude hautatzeko:
- Astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara. 4 eta 8 urteko haurrentzat.
- Astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara. 4 eta 8 urteko haurrentzat.
- Ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara. 9 eta 11 urteko haurrentzat.
Ostiralak bereziak izango direla azaldu dute. 9 eta 11 urteko haurrek beste jarduera batzuk eskatzen dituztenez, beraientzat espresuki prestatutako tailerrak egingo dira ostiralero. Asteko gainontzeko egunetan, 4 eta 8 urteko edonor joan daiteke.
Guztira 200 metro karratuko txokoa da ireki dutena, hiru modulutan banatuta dagoena. Bertako hezitzaileek txoko bakoitzaren proposamen xume bat egin dute, baina asmoa da haurrek erabakitzea nola diseinatu eta zertarako erabili gune bakoitza. “Haurren ardura da hori” nabarmendu dute bertan zeuden hezitzaileek.
Haurtxoko hau irekitzea, Haurtzaro eta Nerabezaroaren Lehen Planean jasota zegoela adierazi du Santi Jimenezek, Gazteriako udal ordezkariak. Gainera, bi lan lerrori lotuta dago espazio berrian egingo den lanketa: emozioen kudeaketa, eta haur eta gazteen parte hartzea hirian sustatzea.
Guraso edota tutoreek interesa gune berrian edukiz gero, ate irekiera otsailaren 25ean egingo dute (larunbat honetan), 11:00etatik 13:00etara. Ikasturtea martxoaren 6an hasiko da, eta ekainaren 24ean bukatu.