Porrot gozoa Bidasoa Irunentzat
Atzoko partida galdu arren, irundarrak EHF European Leagueko final zortzirenetan izango dira. Lortu dute, hortaz, fasez sailkatzeko helburua.
Zaila izan ohi da porrot baten ondoren pozik egotea, baina Bidasoa Irunek arrazoiak dauzka atzoko porrota eta gero kontent egoteko. Bidasoarrek eskura zuten final zortzirenetarako sailkapena lortzeko txartela, eta Alemanian Motor talde ukrainarraren aurka 33-31 galdu bazuten ere, EHF European Leagueko hurrengo fasean izango dira. Bidasoak bere partida aurrera atera ezin izan bazuen ere, Aguas Santas Milaneza eta Eurofarm Pelister taldeen porrotek matematikoki sailkatu dute talde irundarra Multzoen Fasea bukatzeko neurketa bat falta denean. Bete dute, hortaz, hamasei onenetan egoteko helburua.
Partida hasieratik ikusi zen bi taldeek asko zutela jokoan, biek baitzituzten sailkatzeko aukerak. Lehen zatian berdintasuna izan zen nagusi, eta bi taldeek abantaila txikiak izan zituzten markagailuan. Atsedenaldira berdinduta iritsi ziren (16-16), Rodrigo Salinas bidasoarrak azken segundoan sartutako gol bati esker.
Bigarren zatia, baina, ezin hobe hasi zen irundarrentzat. Sentsazio onak izan zituzten, eta markagailuan lortutako abantailarekin, sailkapena eskura zegoela zirudien. Norgehiagokaren azken herena falta zenean, Iñaki Caveroren bi golek eta Dariel Garciaren beste batek, Bidasoari bidea errazten ziotela zirudien.
Baina neurketaren azken heren horretan, etxekoak partidan sartu ziren eta markagailua irauli zuten. 56. minutuan lau gol behera zeuden bidasoarrak, eta ikusita joaneko partidan Artalekun lau golengatik garaitu zituztela ukrainarrak (26-22), gol aldea salbatzeko beharra zuten irundarrek sailkatu ahal izateko. Egoera ez zen erosoena Bidasoarentzat, baina 0-3ko partzialarekin 32-31koa ezarri zuten markagailuan minutu erdiaren faltan. Hor bai, ikusi zela, nahiz eta neurketa galdu, Bidasoa final zortzirenetan egongo zela ukrainarrekiko gol aldea irabazia zuelako. Azkenean, etxeko taldea nagusitu zen (33-31), baina poza bidasoarren aldera joan zen.
Lehiak, baina, ez du etenik Bidasoarentzat, eta larunbatean izango dute Asobal Ligako hurrengo erronka. Valladoliden jokatuko dute, Recoletas Atletico taldearen aurka, 18:00etan. Europako Multzoen Fasea, aldiz, datorren asteartean bukatuko dute Artalekun. Skanderborg-Aarhus talde danimarkarra jasoko dute, 20:45ean.