Markel Olano ahaldun nagusiak San Telmo bisitatu du
Mari Jose Telleria Kultura Diputatuarekin batera ezagutu zuen atzo gaztelua. Zabaldu zenetik 1316 bisitari igaro dira San Telmotik, 931 hondarribiarrak.
Atzo arratsaldean Hondarribian izan ziren Markel Olano ahaldun nagusia eta Mari Jose Telleria Kultura diputatua. Arma Plaza Fundazioko historialarien eskutik San Telmo gaztelua bisitatu zuten, bertako historia eta txokoak kuriositate handiarekin begiztatuz.
Txoin Sagarzazu alkatea eta gainontzeko udal taldeetako ordezkariak ere bertan izan ziren. Alkateak, beste behin, Hondarribiak duen ondare historikoari balioa eman zion. Joan den udan berritu ziren Guadalupeko dorreak, “momentu ezberdinetako gotorlekuak eta defentsa monumentuak direnak. Bertan dugu ere Guadalupeko gotorlekua, eta aurrerago etorriko da harresiaren berrikuntza”. Herrian ondare aberatsa dagoela esan zuen, eta orain, San Telmo gazteluaren bidez, gehiago aberastu dela.
Abenduaren 17an zabaldu zenetik 1.316 bisitari igaro dira (otsailaren 17ko datua) San Telmotik, horietatik 931 hondarribiarrak izan dira.
Gazteluko zirrikituak ezagutu ondoren, Markel Olanok bi inpresio partekatu nahi izan zituen: alde batetik, San Telmo gaztelua hondarribiar eta gipuzkoar guztien altxorra dela nabarmendu zuen. Eta horrek, aldi berean, ondarearen inguruko hausnarketa egitera eraman zuela azaldu zuen: “Pisu handia du zer izan garen ezagutzeko eta hori garrantzitsua da, ze ezagutzen ez duzuna ez duzu maitatzen”. Bestetik, oraindik ezezaguna den altxorra dela adierazi zuen: “Oraindik ez dakigu zer dagoen hemen. Lan asko egin behar da hemen dagoena ateratzeko eta eraberritzeko. Horrek denbora beharko du baina uste dut lan hori hartzea oso polita dela”. Azkenik, aldundiaren aldetik prozesu horretan parte hartzeko konpromisoa berretsi zuen, “xume-xume eta umil-umil”. Dena den, “ez inongo konpromiso ekonomikorik gabe”. Erakunde publikoek baliabide publikoen erabileraren ikuspegitik lehentasun batzuk ezartzen dituztela azaldu zuen eta baliabide horiek “infinitoak” ez direla gaineratu nahi izan zuen.