CBA kulturgune izateko gertuago
San Juan plazako etorkizuneko kulturgunea bisitatu dute gaur udal ordezkariek. Gainera, espazio berriaren xehetasun gehiago eman dituzte.
CBA liburutegia bisitatu dute gaur Irungo Udaleko hainbat ordezkarik. Obretan ari dira bertan, kultur gune bilakatzen ari dira oraindik eraikita ez dagoen beste aldea. 4 milioi eurok oaurrekontua erabiltzen ari dira, eta Foru Aldundiaren laguntzarekin finantzatzen ari dira.
Duela zazpi urte ireki zuten CBA liburutegia, eta “agintaldiko inbertsio nagusietako bat” izan dela gogoratu du alkateak. Orain egiten ari diren zabaltzeak, espazioa bikoiztea ekarriko duela azaldu du, “eta ekipamendu berriak ekarriko baitizkigu”.
Egun, liburutegiak 2.700 metro koadro ditu, eta 2.400 metro koadro gehiago izango ditu. Eremu berri horretan, “erabilera berriak kokatuko dira, programazioa nabarmen sendotzeko aukera emango dutenak”.
Areto bat eraikitzen ari dira, kontzertuak edota bestelako emanaldiak eskaini ahal izateko. Halaber, kamerinoak, komun publikoak, biltegiak eta materialak zamatzeko gune bat ere egokitu dute aretoari begira. Bertara, Prudencia Arbide kaletik sartu beharko da.
Aretoak, gainera, hiru modutan egokitzeko aukera izango du. Batetik, agertoki klasiko bat instalatu ahalko da, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoen proiekzioak antolatzeko, 91 eserlekuko harmaila barneragarri batekin. Gainera, bi, hiru eta lau besaulkiko banku mugikorrak instalatuko dituzte.
Agertokia aretoaren erdian jarri ahalko da, eta 385 lagun ahalko dira elkartu. “Oso areto garrantzitsua izango da, berritasuna izango baita hirian: hirian ez dago horrelako gune publikorik” adierazi dute udal ordezkariek. Programazioa nabarmen sendotuko dela uste dute, eta gaur egun antolatu ezin diren ekitaldiak antolatzeko aukera eskainiko duela diote.
Liburutegiko ikasketa gela handituko dute ere lan hauei esker. Bestalde, formatu ezberdinetako erakusketak jartzeko asmoarekin diseinatuko dute gunea. Era berean, langelak sortuko dituzte, bilerak eta bestelako jarduerak egiteko. Gazteartean zerbitzua bertan kokatuko dute.
Erdiko patio obalatua argia sartzeko bide bakarra da. Horregatik, erabilera nagusi gehienak, erabiltzaileak luzaro egongo diren lekuak, haren inguruan egingo dira. Gune osagarriak, aldiz, kanpoaldera eramango dituzte.
Sarrera berri bat ere izango du CBAk, Jesus karrikatik hain zuzen. Patio obalatuan beste sarrera ere mantenduko da, bi mailatan egongo dena, oinezkoentzako pasarelan eta sotoko solairuan.