Mugikortasun mahai bat, Irungo Udala eta Aldundiaren artean
Lankidetzarako prest dago udala, baina "errespetua" eskatu dio Aldundiari. Gainera, dagozkion eskumenengatik konpromisoak hartzeko galdegin du udalak ere.
Irungo udalak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdeko mugikortasunari buruz hitz egiteko erakunde arteko mahai bat sortzeko proposamena luzatu die. Baina hiriko erakundeari ez zaio gustatu ekimenaren berri emateko modua. “Udalak nabarmendu nahi du erakundeen arteko errespetuan oinarritutako ohiko bideetatik bideratu behar direla ekimenak”.
Hala ere, udala elkarrizketarako eta lankidetzarako prest dagoela adierazi dute, “kasu honetan gure eskualdean historikoki izan duen azpiegitura defizit historikoaz hitz egiteko”. Seinale ona dela Aldundiaren asmoa iritzi du udalak, “era horretan onartzen duelako eskualdeak beharrak dauzkala bide-azpiegiturei dagokienez”.
Lan egiteko mahaiaren asmoa Hondarribiko Mendelu auzoko egoerari erantzun bat bilatzea dela dio udalak, eta hortaz, bertako bizilagunen ordezkaritza batek parte hartu behar lukeela uste dute, “eztabaida aberasteko”.
Oinaurreko saihesbidea
Mahai horretan Mendeluko mugikortasun arazoaz gain, premia handiagoa duela uste du Irungo Udalak Oinaurreko ingurabideaz hitz egiteak. Urtarrila bukaeran saihesbide hori Behobiaraino luzatzeko asmoa zutela jakinarazi zuen udalak.
Aldi berean, beharrezkoa dela Aldundiak fase berrien finantzaketaren aldeko konpromisoa agertzea diote. “Aipatu beharra dago eskumena Aldundiarena dela, eta bidearen trazadura dagoeneko adostua dutela bi erakundeek”.