Hondarribiko naturgunea babesten ikasteko tailerra
Aranzadi Zientzia elkarteak 'Hazi Bonben tailerra' antolatu du 7-12 urte bitarteko gaztetxoentzat. Zuloaga Etxean izango da, bihar.
Jaizkibelgo eta Jaizubiako naturgunea babesteko asmoz Aranzadi Zientzia elkarteak urtero hainbat ekintza antolatzen ditu. Helburu berarekin, aurten hazi bonbak egiteko tailerra prestatu dute, 7-12 urte bitarteko haurrei zuzendurikoa.
Hondarribiko naturguneetan bildutako landareen haziekin hazi bonbak egingo dituzte, hau da, haziak bildu eta landatzeko moduko “bonbak” osatuko dituzte eta ondore, haurrei horiek nola landatu erakutsiko diete. Tailerraren bigarren helburua Hondarribiko naturgunea, eta bereziki, Jaizkibel mendia babestearen garrantzia helaraztea izango da.
Aranzadi Zientzia Elkartearen, Hondarribiko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren, eta Udalsarea 2030en eskutik antolaturiko ekimena da. Tailerra bihar izango da (hilak 22) Zuloaga etxean, arratsaldeko 17:30ean.