Emakumeentzako ahalduntze eskolak, ikasturte berria
Edizio honek "jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa" eman du Miren Etxebeste zinegotziaren arabera. Izena eman daiteke jada, martxoaren 6a arte.
Emakumeentzako Ahalduntze Eskolak antolatu ditu beste behin Irungo Udaleko Berdintasun arloak. Tailer guztiek emakumea ahalduntzea izango dutela helburu oroitu dute, “balio pertsonalak indartuz, hala nola, auto-estimua, ahalduntzea edo emakumeen arteko lankidetzaren bitartez”.
Ikasturte honetako eskolak, “jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handia emango du”, Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariaren esanetan. Hobetze hori, 2023rako aurrekontuetan eta Emakumeen Etxea lehenbailehen irekitzearen esparruan islatutako bultzadari esker izango dela azaldu du.
Guztira lau tailer dira eskainiko direnak, eta oraingoz, Palmera Montero Gunean eskainiko dituzte. Geroago Emakumeen Etxera lekualdatzea da intentzioa. Bestalde, aurreko eskolak harrera “oso ona” izan zuela baloratu du zinegotziak. “Eta oraingo honetan ere ikastaroak betetzeko eta ikasgelak banatzeko aukera izatea espero dugu”.
Adin guztietako emakumeei zuzendutako tailerrak dira, eta izen ematea martxoaren 6a baino lehen egin behar da. Horretarako, udalaren orrialdera jo behar da, eta banan-banan bilatu tailerraren esteka.
Tailerrak
Denak 17:30etan hasi eta 19:30etan bukatuko dira, Palmera Montero gunean.
- Autodefentsa feminista. Martxoaren 15tik 29ra izango dira hiru saioak, Emaginen eskutik. 16 urtetik gorakoentzat.
- Emakumeen indarkeria matxistari aurre egiteko duten gaitasuna landuko da. Horretarako, teknika fisikoez gain, defentsarako tresna psikologikoak eskainiko dira. Bizipenak partekatzeko gune bat da, erasoak eta indarkeriaren aurpegiak identifikatzen ikasteko eta indarkeriari aurre egiteko baliabideak bilatzeko espazio bat, eta aldi berean, indarkeria desagerrarazteko alternatibetan edo estrategietan sakonduko da.
- Nire botere lekua. Apirilaren 8tik ekainaren 16ra izango dira zortzi saioak, Clara Wolframek gidatuta.
- Tailer honetan, emakumeek jasaten dituzten “heldu egitearen” aurreiritziari aurre egingo diote. Indarrak batuko dituzte emakumeei dagokien lekua exijitzeko, haien botere lekua eskatzeko. Mindfulness ariketak egingo dituzte orainaldiarekin konektatzeko, tentsioak lasaitzeko eta emozio blokeatuak edo zailak birziklatzen ikasteko, eta gure pentsamendua eta azpian dituen genero-sinesmenak behatuko dituzte. Bizitzeko arriskua duten emakumeak biltzen dituen espazio bat izango da.
- Emakume burujabetuak. Apirilaren 19tik ekainaren 14ra eskainiko dira zortzi saioak, Amaia Urietaren eskutik.
- Muga osasungarriak garatzeko bidean, urrats garrantzitsu bat da ikastea inork ezin duela eman norberak behar duen barne segurtasuna. Hori norbanako bakoitzaren erantzukizuna da. Horretaz arituko dira ikastaro horretan, norbanako bakoitzaren beharrak eta nahiak ezagutuko dituzte. Muga osasungarriak jartzeak, norbere balioarekin konektatuta egotea, norbere egiaren zentroari lotuta egotea eta norbere ingurukoekin komunikatzeko prest egotea da.
- Zure osasuna elika ezazu. Apirilaren 21etik maiatzaren 12ra egingo dira lau saioak, Jone Mendarteren eskutik.
- Ikastaro honetan benetan elikagarriak diren elikagaien eta substantzia jangarri inflamatorioen kontsumoak izakien organismoan duen eragina bereizten ikasiko dute. Gainera, nerbio-sistema erregulatzen duten mantenugaiak eta zuntzaren garrantzia identifikatzea lortuko dute, norberaren mikrobiotari jaten ematen baitio eta norbere immunitate-ekosistema indartzen baitu.