Bozeramaileen batzordeak Oinaurreko anbulatorioa aldarrikatu du
Udaleko bozeramaileek, EAJ izan ezik, eta Osasun Bidasoa Plataformak "hirugarren anbulatorioa premiazkoa eta beharrezkoa" dela nabarmendu dute.
Jose Antonio Santano alkatea, Irungo Udaleko bozeramaile batzordeko kideak EAJ izan ezik eta Osasun Bidasoa Plataformako hainbat kide Oinaurreko Arrabatenea kalean bildu dira gaur goizean Irungo hirugarren anbulatorioaren eraikitzea aldarrikatzeko. Alkateaz gain, PSE-EEko Miguel Angel Paez, Elkarrekin Podemos-IUko David Nuño, EH Bilduko Oihana Briones eta PPko Iñigo Manrique elkartu dira.
Lehenik eta behin Santanok hartu du hitza. Alkateak gogorarazi du 2015etik “itxoiten” ari direla hirugarren anbulatorioa errealitatea izateko. “Oinaurreko lursaila bere garaian Osakidetzarekin adostu” zela azaldu du alkateak, eta Irungo Plan Orokorrera gehitu zutela gaineratu du. Lursail hori prest dagoela argi utzi du Santanok: “Bihartik aurrera Osakidetzak nahi duen tamainako anbulatorioa eraiki daiteke Oinaurren. 10.000 metro karratuko azalera dute aprobetxatzeko. Denbora gehiegi daramagu erantzunaren esperoan, eta hemen gaude esateko Irunen hirugarren anbulatorioa premiazkoa eta beharrezkoa dela”.
Agerraldian afera honetan “siglen politikoen gainetik” daudela adierazi du Santanok, “osasunarena denoi eragiten digun gaia baita”. Alkateak baietsi du udala “jarrera eraikitzailearekin eta kolaboratzeko prest” dagoela, “Oinaurreko lursailean anbulatorioa eraikitzeko eta aldarrikapen hori errealitate izateko”.
Santanok onartu du “osasun arreta arazo handiak” daudela Irunen, eta problematika horri ere “pertsonak artatzeko espazio faltarena” gehitzen zaiola. Irunek momentu honetan bi anbulatorio dauzka, Erdialdekoa eta Dunboakoa, eta Erdialdekoa, gainera, “Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona gehien artatzen” dituena dela zehaztu du Santanok, 38.000 pertsonari arreta ematen baitie. Espazio falta horren adibide gisa, alkateak esan du Erdialdean barrakoiak dituztela jendea artatzeko.
Bozeramileen txanda
Alkatearen ondoren, lau bozeramaileek hartu dute hitza, eta “gehiengo zabal batek urtarrileko plenoan onartutako adierazpena” irakurri dute. Bozeramaileek jakinarazi dute “Osakidetzako ordezkari politikoen erabakiak” ez datozela bat “herritarren osasun beharrekin”. Momentu honetan, Irungo hirugarren anbulatorioa “zalantzan” jarri dela esan dute: “Hirugarren anbulatorioa eraikitzeko planetan atzera egin da, nahiz eta Irungo Udalak espazioa erreserbatu eta Eusko Jaurlaritzaren eskura jarri izan”.
Osasun Sailak Erdialdeko anbulatorioa ixteaz ere hitz egin duela adierazi dute, “lehen mailako arretaren garrantzia, eginkizuna eta hura sendotzeko beharra inoiz baino argiagoak diren honetan”.
Osasun Bidasoa Plataforma
Osasun Bidasoa Plataformako hainbat kide ere izan dira Oinaurreko agerraldian bozeramaileen batzordeari babesa emateko. Maria Jesus Alfonso Bidasoko ospitaleko erizainak eta Manuel Ferran familiako medikuak eta duela bi hilabete arte Irun Erdialdeko anbulatorioko zuzendariak hartu dute hitza.
Alfonsok nabarmendu du hirugarren anbulatorioa “beharrezkoa eta ezinbestekoa” dela herritarrentzat. “Irun pobretua dago osasun arretari dagokionez. Horregatik gaude hemen bozeramaileei babesa emateko”, gaineratu du plataformako kideak.
“Hirugarren anbulatorioa Irunek aspalditik duen eskakizun bat” dela azpimarratu du Ferranek. Erdialdeko eta Dunboako osasun zentroek “handitzeko espazioa” ez dutela azaldu du, eta osasun eta lehen arreta hobetzeko “lehenbailehen osasun zentro berri bat beharrezkoa” dela aldarrikatu du plataformako kideak. “Arazoa ez da berria eta egoera larria da duela urte batzuetatik”, aipatu du.
Irun jasaten ari den egoera larria salatzeko, Osasun Bidasoa Plataformak elkarretaratzea deitu du datorren larunbatean, martxoak 4, 18:00etan, udaletxearen aurrean. Herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete plataformako kideek.