Erakunde arteko lankidetza Bidasoko mugikortasuna aztertzeko
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak mugikortasun arazoari modu integralean erantzuteko erakundeen arteko lan-mahai bat eratzearen proposamena luzatu zuen.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua Txomin Sagarzazu alkatearekin bildu zen atzoko egunez Hondarribiko Udaletxean. Atzo egindako bilera, askotariko bileren azkena izan dela zehaztu zuen Oiarbidek. Hasiera batean, Hondarribiko mugikortasuna eta herritarren eskakizunak aztertzeko helburuarekin bildu ziren. Ondoren, baina, proposamen bat luzatu zuen diputatuak.
“Euskal Herria zatitzen duen muga inguru honetan mugikortasuna asko handitu da, eta Mendelu zatian ere trafikoa asko ugaritu da. Egunean bataz beste ia 15.000 ibilgailu pasatzen dira. Beste alde batetik, Hondarribiko Udalak urbanismo aldaketa eta garapen garrantzitsuak aurreikusten ditu, eta honekin batera, baita ere, Irungo mugikortasunean ere garapen handiak datozte, eta nik uste dut bi herriak oso lotuta daudela zenbait proiektutan” azaldu zuen Aintzane Oiarbidek. Horregatik, erakunde arteko lan-mahai bat eratzea proposatu zuen diputatuak eta Jose Antonio Santano Irungo Alkateari ere bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zion., hori baita lan-mahaiaren helburua: mugikortasun arazoari modu integralean erantzutea.
Lan mahaian jorratu beharrekoak
Mendelu auzoa izan zen bilerareneta proposaturiko lan-mahairen ardatz nagusia. Auzoak dituen arazoak konplexuak direla onartu zuen Sagarzazuk, eta horregatik, “aurrera begirako lankidetzarako ibilbide orri bat” adostuko duen erakunde arteko mahai bat osatzea garrantzitsua dela esan zuen.
Hala ere, Mendelu auzoaren beharrei erantzuteaz gain, beste eremu batzuetako proposamen eta arazoak aztertuko dituzte ere; hala nola, Irungo 2. ingurabidea, Amute auzoko biribilgunea, aireportuko errepidean bizikleta bidezko mugikortasuna, GI-636 errepidearen hobekuntzak edota Zubietako canpus teknologikoaren inguruko errepide diseinua aztertuko dituzte, “guzti horiek eragina izango dutelako Irun eta Hondarribia lotzeko moduetan” azaldu du Sagarzazuk.
Atzoko egunez proposatutako lan-mahaiaz gain, Mendelu Zaharra auzoarekin biltzen jarraituko dutela nabarmendu zuen Hondarribiko alkateak. Otsailaren 3an bildu ziren lehenengoz udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariak Udaletxeko Areto Nagusian. Hortaz, auzoko arazoak “modu zabalean” lantzen jarraituko dute, “zintzo eta gogotsu”.
Bizikletentzako bidegorria
Mendelu Zaharra elkarteko bizilagunen eskarietako bat GI-636 errepidean bizikletentzako bide bat ezartzea da. Orain artean, baina, eskaera horri erantzutea ezinezkoa izan dela azaldu zuen Oiarbidek; izan ere, errepideak duen trafikoarekin ez baitzuten txirrindularien segurtasuna bermatzeko modurik ikusten.
Irtenbidea Txingudi badia lotuko duen pasabide horretan egongo da. “Madrileko gobernuak daukan Kostas-eko lurralde ordezkaritzak lizitatuko du hilabete baten buruan” esan zuen alkateak. Oinezkoentzako zein bizikletentzako pasabidea Mendelu auzotik (Eskapatxulo), Plaiaundi institutuko atzeko aldera helduko da, eta Irungo aldean, Pier Loti, Santiago eta Aduana zubi azpitik Hendaiaraino. Era berean, Hondarribiko Udalak Eskapatxulotik Amuterainoko lotura egingo duela gehitu zuen Sagarzazuk.