Bidasoa Irun, Europako sailkapenaren bila
Alemanian jokatuko dute Motor ukrainarren aurka, 18:45ean. Irabaziz gero, Europako hurrengo faserako sailkatuko lirateke matematikoki.
Asobal Ligako azken partida irabazi ondoren, beste lehia garrantzitsu bat du gaur Bidasoa Irunek Europan. Alemanian jokatuko du, Motor talde ukrainarraren aurka, 18:45ean (ETB4 eta DAZN). Irabaziz gero, sari handia eskuratuko lukete irundarrek, EHF European Leagueko hurrengo faserako sailkatuko liratekeelako matematikoki.
Jacobo Cuetara kontziente da Bidasoak eskuartean duen aukeraz, eta sailkapenaren bila aterako direla iragarri du: “Matematikoki sailkatzeko pauso bat geratzen zaigu, eta eman egin behar da. Denbora daramagu pentsatzen une egokia dela sailkapena zehazteko, ea iristen den. Sailkapenerako tarte handia dugu, baina gure kabuz lortu behar dugu. Puntuak lortu behar dira eta lortzen badugu bultzada handia izango da azken txanpan lehiakorrak izateko”.
Motor aurkaria D multzoko azken postuan bada ere, lehia gogorra aurreikusten du prestatzaile bidasoarrak, “gora egiten” ari den talde baten kontra jokatuko baitute: “Gero eta hobeto lehiatzen ari den talde bat da Motor. Erasorako ahalmen handiko taldea da, ahalmen fisiko handikoa, eta guri asko kostatu zitzaigun hemen erasotzea, batez ere lehen zatian, bederatzi gol bakarrik sartu baikenituen. Hemen asko kostatu zitzaigun irabaztea”.
Cuetarak onartu du ohikoa dela taldeek etxean, zaleen babesarekin, hobeto lehiatzea. Hori dela eta, gaurko neurketa joaneko Artalekuko partida baino “zailagoa” izango dela ziur da: “Kosta egingo zaigu Artalekun ematen dugun maila ematea, eta badakigu haiek maila handiagoa emango dutela. Partida on bat egin behar dugu. Badakigu han aurkituko duguna Artalekun baino zailagoa izango dela. Lehen zatian 9-12 irabazten ari ziren eta bigarren zatiaren hasieran aurretik jarri ginen, baina ordura arte partida deserosoa izan zen guretzat”.
Iragan ostiralean Asobal Ligan lortutako garaipenak taldea “konfiantzaz” bete duela adierazi du prestatzaile irundarrak, eta ziur Artalekutik maila hobea ematen lagunduko diela: “Pozik gaude laugarren sailkatuaren aurka lortutako garaipen garrantzitsuagatik, asko esaten baitu, Torrelavega talde handia baita. Emaitzaz gain, handia izan zela, axola zait nola lortu genuen. Egia esan, oso pozik gaude, konfiantza handiarekin, eta espero dut orain etxetik kanpo lehiakorrak izateko balio izatea, hori baita eman behar dugun hurrengo urratsa”.