Errotarrien eta errotarri harrobien inguruko hipotesiak frogatzen
Proiektuaren lehen zatiko memoria aurkeztu zuten iaz. Atzo bigarren fasean egindako lana aurkeztu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko ikerlariek.
Aranzadi Zientzia Elkarteko hepertologia saileko Iñaki Sanz-Azkuek, Denis Alvarez EHUko Historia doktorea eta irakasleak, eta, Javier Castro eta Joseba Alonso Aranzadiko etnografia saileko kideek 2020an Errotarri harrobia Jaizkibel mendian. Hondarribiko XVI. mendeko gizarte eta ofizioak izeneko proiektua abiarazi zuten. 2022an Aranzadiko arkeologia saileko Josu Narbarte batu zitzaien proiektura.
Iaz proiektuaren lehen zatiko memoria aurkeztu zuten. Atzoko egunez bigarren fasearen berri eman zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko ikerlariek. Adituekin batera izan ziren Txomin Sagarzazu alkatea eta Juan Luis Silanes zinegotzia.
Lehen zatian, Jaizkibel mendia ikertu zuten harrobi edota, errotarri harrobi bila. “Guretzat sorpresa izan zen ez bakarrik errotarriak egin, baizik eta horiek, oraindik ere, Jaizkibelen jarraitzen dutela ikustea” esan zuen Denis Alvarez historia doktoreak.
Iaz ondorioztatu zutenez, Hondarribian errotarrien produkzioa oso handia zen (XVI. mendean), baina bertan egindako errotarriak ez zituzten herrian bertan erabiltzeko sortzen, esportatzeko baizik. Pleitetan (itsasontzi txikietan) Galiziara, Portugalera, Andaluziara edota Kanaria uharteetara eramaten zituzten. Hondarribian Usurbildik ekarritako errotarriak erabiltzen zituzten.
Informazioa bildu ondoren, hainbat galdera sortu zitzaizkien zientzialariei: zertarako eramaten zituzten leku horietara, zergatik ez zituzten bertan egindako errotarriak bertan erabiltzen… Horregatik, horiei guztiei erantzun bat emateko hurrengo hipotesitik batetik abiatu zuten bigarren zatia: XVI. mendean Cadiz, Sevilla eta Kanaria Irlak Ameriketara bidean eskala ohikoenak izaten ziren, eta beraz, Ameriketara bidean leku horiek bitarteko geldialdiak izan zitezkeela pentsatu zuten.
Luzatutako hipotesi horiek frogatzerik zegoen ikusteko, artxiboko lana egin behar izan dute gehien bat. “Artxibo ezberdinetako fondoak arakatu ditugu. Hondarribiko Udal Artxibotik hasi ginen, ondoren, Gipuzkoa mailako zein Estatu mailako artxiboak arakatu genituen, baita Portugalgoak ere” azaldu zuen Josu Narbartek.
Errotarriei lotutako merkataritza sareak XVI. mendean egituratu zirela ikusi zuten. Hondarribian bertako merkatariek ez ezik, garaiko udalak, harginek, garraiolariek, elikadura bermatzen zuten baserritarrek ere horiek guztiek errotarrien produkzio horretan parte hartzen zuten. Eta eskala zabalago batean errotarriak esportatzen zituzten merkatarien presentzia aurkitu zuten. Bidaiak bost norabide nagusietan egiten zituzten: Galiziara, Portugalera, Madeirara, Andaluziara eta Kanaria Uhartera. “Azken finean, ikusi genuen penintsula mailan ematen ziren elkartruke horiek txertatuta zeudela bai Gaztela eta bai Portugal eraikitzen ari ziren inperio kolonialetan”.
Iñaki Sanz-Azkuek gehitu zuenez, XVI. mendeko adibide honek, Hondarribia “zabaldu” zen herri bat izan zela erakusten du, hau da, iberiar penintsulako beste eremu askorekin kontaktua izan zuena, modu globalean funtzionatu zuena XVI. mendean bertan. ”500 urte pasa dira eta gezurra dirudi, orduko funtzionatzeko era batzuk gaur egun ere ikusten ditugula, hala nola, konpainia txikiak edota ofizioen arteko sare konplexuak”. Ikerketa honek beraz gaur egungo Hondarribia egun izatera heldu den herria ulertzeko eta ezagutzeko aukera emango du: “Saiatu gara puzzlearen zati txiki hori pixka bat argitzen”.
Aurrerago, errotarri horiei jarraiki, kolonizazio prozesu hori berreraiki eta harreman sare horiek nola garatu ziren ezagutu ahal izango dutela uste dute, bai eta Hondarribiko merkatariek eta gizarteak orokorrean, globalizazio prozesu horretan zer paper jokatu zuen ezagutu ere.
Orain baina, orain artean bildutako informazio guzti hori gizarteratu nahi dute: “Hori izango da hirugarren fasea” jakinarazi zuen Iñaki Sanz-Azkuek. Izan ere, XVI. mendeko gertakari eta prozesu horiek ezagutzeaz gain, Jaizkibelen historia guzti horren erakusgarri den materiala (errotarri multzo bat) aurki daiteke: “Eta horrek badu bere balioa” gehitu zuen Narbartek.
Datorren astean beraz, jasotako informazioa herritarrei zabaltzeko hitzaldi eta ibilaldi bat prestatu dituzte Arma Plaza Fundazioarekin elkarlanean. Horien inguruko xehetasunak hurrengo albistean.