I. Bidasoa Kooperatuz sariak antolatu ditu BDSKoop elkarteak
1.500 euroko bi sari banatuko dituzte eta zazpi balio kooperatiboak errekonozitzea bilatzen du lehiaketak. Martxoaren 15a arte har daiteke parte, galdetegi bat betez.
BDSKoop Eraldaketa Fabrika Bidasoan Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta tokiko garapena sustatzen dituen elkartea da, Behe Bidasoko eskualdean, Hondarribian eta Irunen, hainbat proiektu abiatu dituena. Azken egitasmo horren berri eman dute gaur goizean BDSKoop-eko egoitzan Claudia Romero BDSKoop-eko koordinatzaileak eta Dornaku Lantz BDSKoop-eko proiektuen arduradunak.
Lehen aldiz antolatu dituzte ‘Bidasoa Kooperatuz’ sariak, zazpi balio kooperatiboak errekonozitzea bilatzen duen lehiaketa. 1.500 euroko bi sari banatuko dituztela jakinarazi dute BDSKoop-eko kideek, “Behe Bidasoan balio kooperatiboak aplikatze aldera”.
Zazpi balio kooperatiboak Kooperatiben Aliantza Internazionalak 1895ean adostu eta ezarri zirela baietsi du Romerok, eta Euskadiko Kooperatiben Legeak berak barnebiltzen dituen balioak direla gaineratu du. Hauexek dira zazpi balio kooperatiboak: kideen kudeaketa demokratikoa; kidetza irekia eta borondatezkoa; kideen parte hartze ekonomiko beharrezkoa; autonomia eta independentzia; kooperatiben arteko lankidetza; komunitatearekin konpromisoa; eta hezkuntza formakuntza eta informazioa bermatzea.
‘Bidasoa Kooperatuz’ sariekin balio horiek “ezagutarazi” nahi dituztela azaldu dute antolatzaileek, “Bidasoan nola gauzatzen diren jakiteko, balioan jartzeko eta oihartzuna emateko”. Bidasoko eskualdean 100 kooperatiba eta lan sozietate baino gehiago daudela jakinarazi dute BDSKoop-eko kideek, eta horien “eguneroko lana ikusaraztea” sariketen beste helburuetako bat ere badela aitortu dute. Elkarte guztien artean “saretzea eta elkartzea” gakoa dela onartu dute, kooperatiben arteko lankidetza baita balio kooperatiboetako bat. “Testuinguru horretan sortu ditugu sariak”, adierazi dute Romerok eta Lantzek.
Parte hartzeko baldintzak
Lehiaketan parte hartzeko baldintzak kooperatiba edo lan sozietatea izatea eta Behe Bidasokoa izatea dira. Sariketan parte hartzeko BDSKoop webgunean ahalbidetu duten galdetegia bete behar da. “Erraza eta azkarra da”, onartu dute bi kideek.
Galdetegia osatzeko aukera gaurtik martxoaren 15a arte egongo da zabalik. Epe hori bukatutakoan, erantzun guztiak epaimahai kualifikatu bati helaraziko zaizkiola aurreratu dute, eta epaimahai horrek hartuko du azken erabakia.
Sariak
‘Bidasoa Kooperatuz’ lehiaketak 1.500 euroko bi sari banatuko ditu: bat balio kooperatiboen betetzea barrura begira, eta, bestea, kanpora begira. Barrura begirakoak izaera demokratikoari saria lortuko du; eta, kanpora begirakoak, aldiz, komunitate eta beste kooperatibekiko lankidetza eta interesaren saria.
Irabazleak BDSKoop webgunean publikatu dituztela azaldu dute antolatzaileek.
Sariketen inguruko informazio gehiagorako, BDSKoop-en helbide elektronikoa eta 843 74 01 98 telefono zenbakia ahalbidetu ditu elkarteak.