Eguzki: "Ingurumenaren ikuspegitik gai honen balantzea ezin da mingarriagoa izan"
Zaldunborda eremuan natura ingurunea aldatzen duten "legez kanpoko obrak egin" eta eremu hori "leheneratzeko duten betebeharra" aintzat hartu ez izana salatu du Eguzki Talde Ekologistak.
Eguzki Talde Ekologistak gogorarazi duenez, 6 urte igaro dira Zaldunborda eremuan lizentziarik gabe “jatorri desberdina eta ezezaguna” zuten materialak mugitu eta metatu zirenetik. Lan horiek kamioiak aparkatzeko lursaila prestatzeko helburua zuten. 2017ko martxoan gelditu zituzten lanak “dagoeneko oso aurreratuta zeudelarik”.
Obrak legeztatu ezean, lan horien aurretiazko egoera naturalera itzultzera behartzen zituen indarrean zegoen araudiak. Eguzki: “Legeztatzeko eskaera, nola ez, ukatu egin zen”. Aldi berean, “talde ekologista batek” indarrean dagoen araudia zorrotzago aplikatuz obrak gelditzeko zegozkion zehapen espedientea hasteko eta lurrak leheneratzeko eskatu zuen. Espediente hori baina 2017ko abuztutik “administrazioei dagozkien utzikeriak tiradera batean ahaztuta” eduki izana deitoratu du Eguzkik. Izan ere, espediente horretan “egindako obrak legez kanpokoak zirela eta betelana kutsagarria izan daitekeen jardueratzat har daitekeela” ondorioztatu zen, eta hortaz, Eusko Jaurlaritzari horren berri eman behar zitzaiola.
Urte hauetan guztietan, eremuak bere horretan jarraitzen duela salatu du Eguzkik: “Administrazioek ez dute aintzat hartu eremu hori leheneratzeko duten betebeharra, ez eta material kutsatzaileak etengabe egoteak lurzoruaren kalitatean izan ditzakeen ondorioak eta aplikatu beharreko araudian aurreikusitako zehapen ekintzak ere”.
Bestalde, 2022ko urrian Zaldunborda 1.1.04 eremuan plangintza bateragarri bat egiteko hitzarmena onartu zuten Hondarribiko zein Irungo Udalek. Hitzarmenaren bidez, “2017an hasitako legez kanpoko lanen bidez Bateragaritasun Planaren garapena sustatzea” lortu nahi zela esan du talde ekologistak.
“Ingurumenaren ikuspegitik gai honen balantzea ezin da mingarriagoa izan”. Eta “araudia zorrotz aplikatzeko borondate politikorik ez egoteak, kasu honetan behintzat legez kanpoko saria izatea” dakarrela adierazi dute.
Horregatik guztiagatik hiru eskakizun egin ditu Eguzki Talde Ekologistak:
- 3 hilabeteko epean utzitako materialaren karakterizazio txostena aurkeztea.
- Kokalekuan dauden material guztiak kentzea eta horiek kudeatzea.
- Eta hondeaketa plana burutzea.