'Bidasos 2030' hondakinen kanpaina berria martxan
Birtziklatze tasak igotzea xede duen programa da. Bulego ibiltaria Katea auzoan izango da martxora bitarte.
Egun %54-55 artean birtziklatzen da Bidasoa eskualdean, Gipuzkoako mediatik behera (%60 da). Txinzer Txingudiko Zerbitzuaketik hainbat ekimen martxan jarri dituzten arren: pizgarri ekonomikoak (90 euro gehiago ordaintzen dute hilean organikoa birtziklatzen ez badute), sentsibilizazio kanpainak, edota ikastetxeetan gazteei zuzenduriko kanpaina bereziak; horiek guztiak ez dira nahikoak izan hondakinen birtziklapen tasak handitzeko.
Horregatik, erronka horri aurre egiteko, kanpaina berri bat abiarazi du Txinzer Zerbitzuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin: Bidasos 2030. Proiektu honen xedea eskualdeko birtziklapen tasa handitzea izango da; zehazki, 2025 urterako %60ra eta 2030era %70era handitzea.
Bidasos 2030ek herritarrekin aurrez aurreko harremanak sortzea ahalbidetuko du: “Gertutasunarekin, informazioarekin eta datuekin erraztasunak ematea izango da helburua, beraiek etxean egin dezaten” azaldu du Leire Zubiturrek, Txingudi Zerbitzuakeko gerenteak. Kanpaina, batez ere, edukiontzi marroian eta haren kudeaketa egokia egitean zentratuko da.
Gaurtik martxora bitarte Katea auzoan egongo da Bidasos 2030 bulego ibiltaria. Bertan, Txingudi Zerbitzuakeko langileek herritarren zalantzak erantzun, informazioa eman eta beharrezkoa den laguntza bermatuko dute. Bizilagunek organikoa birtziklatzeko kanpainara atxikitu ahal izango dute ere. Hilabete baten bueltan kanpainaren inpaktua neurtzeko asmoz, auzo bakoitzeko edukiontzi bat aukeratu eta bertako hondakinak sailkatuko dituzte. Datuok bulego ibiltariaren kanpoko aldean ezarriko dituzte bizilagunek ikus ditzaten.
Hilabeteren ondoren, beste auzo batera lekualdatuko da bulego ibiltaria. Irungo zein Hondarribiko auzo guztiak zeharkatuko ditu proiektuak, banan banan. Asmoa urtean 7 auzo bisitatzea izango da. 4-5 urtetan auzo guztietatik igarotzea aurreikusi dute.
Aurkezpenean izan dira Leire Zubitur Txingudi Zerbitzuakeko gerentea, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak aurkezpenean herritarren inplikazioa eskatu du; izan ere, norberak etxean egiteko lana baita birtziklatzearena. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, bere aldetik, azken urteetan eskualdean egindako ahalegina goraipatu du: “Gaikako bilketa 15 puntu hazi da azken urteetan”. Azkenik, Santanorekin bat eginez, etxean egin behar den lana dela gogorarazi du, baina herritarrei laguntzak ematea ezinbestekoa dela ere. Horregatik, Txinzer Zerbitzuakek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen departamentuaren 35.000 euroko laguntza jaso du proiektu aurrera eraman ahal izateko. ER70 estrategiaren barruan kokaturiko proiektua da.