Irun gizatiartzeko apustua egin du Iridoyk
Ostiralean IDEIAlekun egindako hitzaldian, hiriaren erdigunea gizatiartzeko, mugikortasuna hobetzeko eta espazio publikoa berreskuratzeko aldarria egin zuen.
Irungo EAJk etorkizuneko hirien joerei eta egungo errealitateei buruzko hitzaldi bat antolatu zuen ostiralean IDEIAlekun Javier Martinez Callejo arkitekto hirigilearekin. Martinez Callejo hainbat udalekin elkarlanean dabilen “profesional eta erreferentea” dela azaldu zuen alderdi jeltzaleak, “hiriak egokitzen” laguntzen dabilena, “egun oraindik indarrean dagoen eredua eta etorkizunak dakarrenaren arteko trantsizioa bermatzen”.
Xabier Iridoyk oinezkoen, ibilgailu pribatuen, garraio publikoaren eta bizikleta eta patinete elektrikoen arteko “elkarbizitza egokia” sortzearen garrantzia aldarrikatu, eta Irunek “bere esentzia berreskuratzeko” apustua egin zuen: “Gure hiriaren erdigunea gizatiartzen lagunduko duten baldintza horiek sortu behar ditugu, eta baldintza horiek, mugikortasuna hobetzea eta pertsonentzako espazio publikoa berreskuratzea dira”.
Era berean, EAJko alkategaiak Irunek “hiriaren bi aldeak lotuko dituen zubi bat eta aparkalekuaren arazoak erantzun bat” behar duela esan zuen: “Irunek lotura berri bat behar du, hiriaren bi aldeak lotzeko. Horrez gain, irundarrek aparkalekuaren arazoak erantzun bat behar duela esan digute behin eta berriro, eta horren harira, lurpeko aparkalekuaren eskaintza handiagoa landu dugu hirian, baita bidegorrien sare egoki bat ere”. Alkateari, gainera, indarrean dituen irizpideak aldatzeko eta egokitzeko eskatu zion Iridoyk: “Autoei zirkulazioa zailtzea, ibilbide luzeagoak egin ditzaten, eta, ondorioz, autoak gure hirian denbora gehiagoz martxan egoteak ez dio onurarik egiten Iruni. Trafiko, zarata eta kutsadura gehiago sortzen ditu planteamendu honek”.
Martinez Castellok, bestalde, honakoa esan zuen etorkizuneko hiriez: “Oinezkoentzako espazio publikoa eta garraio publikoa sustatu behar dira, baina egungo errealitatea ahaztu gabe. Etorkizuneko hiriak ez dira inoiz inposizio zorrotzez sortu behar; aitzitik, hiriaren errealitateaz, defizitez eta beharrizanez jabetu behar da bat, eta hori guztia kontuan hartuta, urratsez urrats, presarik gabe, garatzen joango diren konponbideetan pertsonekin batera landu behar dira”.
Horren harira, Irun hobetzen jarraitzeko aldarria helarazi zuen Iridoyk: “Irun gaur egun dena baino askoz gehiago izan daiteke. Eta hori da hiri gisa egin behar dugun lanetako bat. Hobeak izateko helburua bilatu behar dugu, eta horretarako, ezinbestekoa da beste hiri batzuekin lankidetzan aritzea eta sarean lan egitea. Izan ere, alkateak hirian ditugun hiri espazio degradatu handiak garatzeko hamarkadak daramatza; hala nola, Korrokoitz, Iparralde-Gal, eta San Miguel-Anaka. Edo duela urte batzuetako promesak: auditoriuma, San Juango hotela edo Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdaketa. Denbora guzti honetan Irunek aukerak galdu ditu eta, ondorioz, beste hiri eta herriekiko atzean geratzen ari da”.