Nexgraff-en arrastoa, Plaiaundin
Nextor Otaño 'Nexgraff' grafitigile pasaitarrak Plaiaundi Institutuko sarrerari bizia eman dio, bertako parke naturala ardatz.

Lanbide Heziketako Irungo Plaiaundi BHIk sarrera are bereziagoa du duela gutxitik. Hezkuntza zentroaren atariari bizia eman dio Nextor Otaño Nexgraff grafitigile pasaitarrak, murala egin duelako harrerako gune horretan. Institutuko ikasle, irakasle eta langileek erabaki zuten bozketa bidez sortzaile sanpedrotarrari esleitzea murala. Eder gelditu da. Nexgraff-ek Trintxerpeko Ziriza Etxean egindako mural bat, munduko hamargarren onena izendatu berri dute.
Muralaren bidez, grafitigileak Txingudio badiako biodibertsitatea jaso duela adierazi dute Plaiaundiko arduradunek, “bereziki, Bidasoaldeko parke ekologiko horretako hegazti populazioan soa jarriz”.
Ondorengoak dira, hitzez hitz, Plaiaundiko ordezkariek emandako azalpenak:
“Plaiaundiko Parke Naturala, Bidasoa ibaiaren eta Jaizubia errekaren artean dagoena, hegazti migratzaileentzako erreserba naturala eta babeslekua da. Horri keinu eginez, Plaiaundi BHIk ikastetxerako sarbideko horma dekoratzeko lehiaketa bat martxan jarri zuen. Proposamenak jaso ondoren, bozketa bidez, bertako ikasleek, irakasleek eta ikastetxeko beste langileek pasaitarrari lana esleitzea erabaki zuten.
Plaiaundin ohikoak diren Koartza hauskara (Ardea cinerea) baten profila eta neska gazte baten aurpegiaren plano itxi bat nabarmendu egiten dira Otañoren horma-irudian. Kolore hotzak dira nagusi, zenbait kolore bizi ageri badiren ere. Artistak, ikuslea gogoetara gonbidatu nahi du eta, zentzu horretan, Nexgraff-entzat Plaiaundi BHIko murala obra irekia da”.