Lau tailer, nerabezaroan harreman osasuntsuak eraikitzeari buruz
Otsailetik maiatzera bitarte egingo dira tailerrak Palmera Montero gunean. Jada izena eman daiteke, tailerraren egunera arte.
Gazteartean Irungo Udaleko gazteria arloak Haurartean tailerren beste edizio bat egingo dutela jakinarazi du gaur. Otsailetik maiatzera egingo dira, eta gurasoei eta hezitzaileei zuzendutakoak dira, nerabeen garapena laguntzeko helburuarekin.
Lau tailer antolatu dituzte, nerabezaro garaian familia barruan harreman osasuntsuak eraikitzearren bueltakoak. Haurartean programaren baitan antolatu dituzte tailerrak, haurren eta nerabeen eskubideak ardatz dituena.
Aurreko edizioak “arrakastatsuak” izan zirela dio Santi Jimenez Gazteria zinegotziak. “Eskertzekoa da profesionalek beren denbora eskaintzea gazteekin ditugun harremanak hobetzen laguntzeko, harreman horiek osasuntsuagoak izan daitezen”.
Palmera Monteron egingo dira tailerrak, eta izena emateko epea gaur ireki dute eta tailerra izango den egunera arte ahalko da apuntatu. Lotura honen bidez egin daiteke
Lau tailerrak
Otsailak 28, 17:30etatik 19:30etara. Sara Desiree Ruiz gizarte-hezitzaileak nerabeen akonpainamenduan espezializatuta dago, eta mugak noiz eta nola jarri azalduko du. Horretarako estrategiak emango ditu, konpromisoa eta erantzukizuna lantzeko asmoarekin.
Martxoak 13, 17:30etatik 19:30etara. Eider Goiburu psikologo, sexu hezitzaile eta Berdintasuneko teknikariak eskainiko du tailerra. Sexualitate libre eta osasuntsu batez gozatzeko gakoak emango ditu.
Apirilak 28, 17:30etatik 19:30etara. Donna Apellaniz adimen eta hezkuntza emozionaleko prestatzailea eta terapeuta bertaratuko da. Ikuspegi praktiko batetik eskainiko du tailerra eta emozioen garrantzia landuko du.
Maiatzak 10, 17:30etatik 19:30etara. Apellanizek tailerraren bigarren zatia eskainiko du, eta nerabeei laguntza emozionala emateko estrategietan sakonduko du.