Irungo inauteriak, ate joka
Ohiko formatuan berreskuratuko dira, ekintza mordoarekin. Bihar hasiko da programazioa kaldereroen konpartsarekin, 19:00etan.
Irungo inauteriak gainean dira, eta gaur goizean aurkeztu dituzte Borja Olazabal Irungo Udaleko Kultura ordezkariak, konpartsetako ordezkariek eta jai egitarauko entitateek. Olazabalek nabarmendu du dena “prest” dagoela ospakizunei hasiera emateko, eta pandemiak eragindako murrizketak pasata, “ohiko formatuan” berreskuratuko direla aurreratu du.
Bihar irekiko da programazioa kaldereroen desfilearekin. Irungo Atsegiña Elkarteak antolatuta, 19:00etan aterako dira Angera plazatik eta hiriko kaleak zeharkatu ondoren, San Juan plazan bukatuko dute ibilbidea. Igandean ere hitzordu esanguratsua egongo da, Inude eta Artzainen konpartsa hiriko kaleetan zehar ibiliko baita. Eraiki Dantza Taldeak antolatzen duen desfilea 12:00etan irtengo da Santiago kaletik, eta Luis Marianon bukatuko dute ibilbidea.
Inauterietako programazioak datorren astean izango du jarraipena, eta ekitaldi nagusien artean, zenbait aipatu dituzte antolatzaileek. Batzuk astean zehar izango dira, besteak, aldiz, asteburuan. Hilaren 16an, osteguna, 19:00etan, zanpantzarren irteera egingo da, eta hilaren 17an, berriz, konpartsen aurkezpenaren txanda izango da, 20:00etan, Amaia KZn.
Datorren asteburua ere ekintzaz lepo egongo da. Larunbatean, hilak 18, 09:00etatik aurrera, landa inauteriak izango dira Bidasoan, Anakan, Olaberrian, Katean, Behobian eta Meakan. 12:00etan, Euskal inauteriak egingo dira; eta 17:00etan desfilea hasiko da, 17 konpartsarekin. 20:30ean elektrotxaranga batek Kale Nagusia eta inguruak girotuko ditu; eta azkenik, 20:30etik 23:30era, diskofesta bat egingo da Zabaltza plazan.
Igandean, aldiz, 09:00etatik aurrera landa inauteriak egingo dira Arbesen, Olaberrian eta Meakan, eta 17:00etan konpartsen desfilea hasiko da.
Egitarau oparoa hilaren 21ean, asteartea, itxiko da, sardina erretzen. Azken jarduera hori San Juan plazan egingo da, 19:30ean. Ondare Kultur Elkartea eta Santiago Deabruak arduratuko dira pirotekniaz, Zabaltza plazatik San Juan plazarainoko ibilbidean. Aurrez, 19:00etan, dantzagarriak egongo dira Zabaltza plazan.
Udalak jakinarazi du inauterien inguruko informazio guztia hirian banatutako esku orrietan edo udalaren webgunean kontsulta daitekeela.
Egitarau osoa:
Otsailak 11, larunbata:
- 19:00etan: Kaldereroak.
Otsailak 12, igandea:
- 12:00etan: Inude eta Artzainen desfilea.
Otsailak 16, osteguna:
- 19:00etan: Zanpantzarren irteera.
Otsailak 17, ostirala:
- 20:00etan: Konpartsen aurkezpena, Amaia KZn.
Otsailak 18, larunbata:
- 09:00etan: Landa inauteriak, Bidasoan, Anakan, Olaberrian, Katean, Behobian eta Meakan.
- 12:000etan: Euskal inauteriak.
- 17:00etan: Konpartsen desfilea.
- 20:30ean: Elektrotxaranga, Kale Nagusian.
- 20:30etik 23:30era: Diskofesta, Zabaltza plazan.
Otsailak 19, igandea:
- 09:00etan: Landa inauteriak, Arbesen, Olaberrian eta Meakan.
- 17:00etan: Konpartsen desfilea.
Otsailak 21, asteartea:
- 19:00etan: Dantzagarriak, Zabaltza plazan.
- 19:30ean: Sardina erretzea, San Juan plazan.