Europa pasata, ligan zentratu behar du Bidasoak
Irundarrek Galizian jokatuko dute gaur, 21:30ean. Aurreko asteko garaipenari jarraipena ematen eta etxetik kanpoko bolada txarra iraultzen saiatuko dira.
Europako atsekabea pasata, Asobal Ligan zentratu beharko du Bidasoa Irunek, eta gaur du hurrengo erronka, Galizian jokatuko baitute Frigorificos Morrazoren aurka, 21:30ean. Asobal Ligako 17. jardunaldiko partida da gaurkoa, eta irundarrak iragan asteko garaipenari jarraipena ematen ahaleginduko dira.
Asobal Ligako sailkapenean Bidasoa seigarren da 18 punturekin; aurkaria, aldiz, hamahirugarren da, 10ekin. Dena den, Jacobo Cuetara prestatzaileak argi azaldu du azken denboraldietan zailtasun handiak jarri dizkien taldea izan dela Frigorificos Morrazo, eta partida zaila aurreikusten du: “Aurreko denboraldi hauetan puntu asko kendu dizkigun aurkari baten aurka jokatuko dugu. Nahiz eta 2018ko urritik haien aurka galdu ez dugun, ordutik berdinketa dezente egon dira, bai Galizian, bai Artalekun. Beti asko kostatu zaigun aurkaria da eta gehiago eman beharko dugu”.
Munduko Txapelketaren aurretik Cuetarak onartu zuen Artalekutik at erregulartasuna falta izan zaiela aurtengo sasoian. Gaur Artalekutik urrun jokatuko dute, Cangas de Morrazoko El Gatañal kantxan, eta garaipena lortzeak taldea konfiantzaz beteko duela ziur da bidasoarren entrenatzailea: “Garaipen bat behar dugu etxetik kanpo. Oso garrantzitsua izan daiteke taldearentzat, konfiantza izateko eta ahal dugula sinesteko eta etxetik kanpoko partidetan dugun dinamika negatiboa apurtzeko”.
Iñaki Cavero jokalari irundarra Cuetararen ildotik mintzatu da, eta bi puntuak lortzeko garrantzia eta beharra azpimarratu ditu: “Astearteko neuketa gaizki joan zen eta gaurkoa hori ahazteko erabiliko dugu. Bi puntuak oso garrantzitsuak dira, etxera eraman behar ditugu eta horretarako Frigoríficos Morrazoren aurka partida oso ona egin behar dugu, akats gutxirekin eta defentsa oso gogor batekin. Gure helburua etxetik kanpo ahalik eta hoberen jokatzea eta ahalik eta puntu gehien etxera eramatea da”.