[Elkarrizketa] «A Tempo asteak eskolaren nortasuna islatzen du»
Astelehenean hasi zen VI. A Tempo astea, eta bihar, larunbatarekin bukatuko da Portuko elizan egingo duten emanaldiarekin. Sorkuntza eta sormena dira aurtengo edizioaren muina.
Astelehenean hasi zen A Tempo astea. Zer nolako harrera izan du?
Oso polita izan da. Askotan egiten dituzten galderekin konturatzen zara zein kezka dituzten, musikarekiko, edota azterketetan daudenez, ikasketekiko. Nola kudeatzen duten burua, urduritasunak… Eskolako gelatik atera eta beste giro bat sortzen da. Eta oso polita da hori. Hurrengo edizioetako erronka herriko jendea erakartzea izango da. Proposamen asko denentzat daude irekiak; horregatik, zentzu horretan lan egin behar dugu.
Irakasleei ere baliagarria zaizue ikusteko ikasleek nola pentsatzen duten, eta beharbada, egokitzeko. Hala izan al da?
Hori da. Batzuetan gelditu behar gara, ikusteko nola gauden denak, baita beste egiteko era batzuk ikusteko ere. Saio bakoitzean klase horretako irakaslea ez den beste irakasle bat, edo irakaslea ez den norbait sartzen da. Eta hori oso aberasgarria da. Guretzat, gainera, oso baliagarria da hurrengo astean bertan ikasitako gauza berriak martxan jartzeko.
Nolakoa izan da prestaketa, eta zer sentitzen duzue lana egikaritzen denean?
Beti esaten dugu, baina egia da ilusio handiarekin prestatzen dugula. Edizio bat bukatzen denean pentsatzen duzu: «Hurrengo urtean gai izango gara beste zerbait egiteko?» Eta beno, momentuz edizio bakoitzak izan du ikuspuntu bat edo estilo jakin bat. Baina egia da eskolaren nortasuna edo guk sentitu nahi dugun eskola hori islatzen duela beti.
Prestaketa oso kreatiboa izaten da. Eskolan, azken finean, oinarria lantzen dugu, baina ezin gara oinarri horretan geratu. Gorago dauden eta gauza erakargarriak egiten dituzten pertsonengana joan behar dugu.
Gazteek ikus dezatela zein aukera zabala dagoen, ezta? Horretarako hainbat baliabide eman dituzue.
Bai. Haurrei batez ere estudio batera egindako txangoa gustatu zaie. Hemen inguruan dagoen estudio bat da, eta musikari asko pasa gara bertatik. Bertan ariketa praktiko bat egin zuten: norbaitek zerbait jo eta grabatu egin zuten, eta teknikoak konponketak egin zizkion. Gauza horiek guztiak ikus ditzatela nahi dugu, ez bakarrik gelan ikasten dena.
Zer garrantzi du sormenak eskolan?
Oso garrantzitsua da. Eskolara musika ikastera etortzen dira, baina sormena gela bakoitzean dago, pieza bakoitzaren lanketan: doinu horrek edo mugimendu horrek zer esaten duen pentsatu behar da. Nik esaten diet sortzaileak izan daitezela beraien lanean. Gizartean ere sormen handia behar da egiten duzun hori modu berezi batean egiteko.
Zein da aste honen azken helburua?
Denok ikustea Musika eta Dantza Eskola bat dela, baina horren inguruan gauza gehiago gertatzen direla. Ez dela bakarrik zure asteroko klasera joatea. Ikus dezatela irakaslego handi bat dagoela gai dena gauza ezberdinak egiteko.
Astea biribiltzeko, bihar, Portuko elizan, emanaldi berezi bat egingo duzue.
Polita izango da. Familiak ohituta daude emanaldiak gelan egitera. Gainera, instrumentu bakarrekoak izaten dira askotan. Kontzertu honek aukera emango du eskolak hartzen duen esparru guztia eta espezialidade guztiak ikusteko.