[Erreportajea] Erleak zaintzetik, salbatzera
Erleak desagertzen ari dira, batez ere, liztor asiarraren gehiegizko populazioaren ondorioz. Bidasoako Erlezainak elkarteko kideak aspaldidanik kezkatuta dauden arren, 2022ko «triskantzarekin», egoera gero eta larriagoa dela diote.
Mehatxuak berriak ez diren arren —azken urteetan, pestizidengatik, herbizidengatik, klima aldaketagatik, barroagatik (Varroa jacobsoni) edota Asiako liztorragatik (Vespa velutina) zainketa berezia behar zuten erleek— iazkoa urte bereziki gogorra izan zen Oarso Bidasoko erlezainentzat. Erlauntza dezente galdu zituzten eta erlauntzekin bat, noski, erle kopuru handiak ere.
Duela hamar urte inguru ikusi zen aurrenekoz Asiako liztorra Gipuzkoan. Ordutik tranpa berezi batzuk erabiliz, modu batera edo bestera, euren erleak mantentzea lortzen zuten. 2022an, ordea, neurri horiek ez ziren nahikoak izan liztorren erasoei aurre egiteko.
Asiako liztorra uztailean hasten da bere larbak elikatzeko proteina bila, eta normalean, irailera bitarte aritzen da ehizan. Iragan urtean, ordea, uztailetik abendura bitarte temperaturak oso altuak izan ziren, eta prezipitazioak, berriz, oso eskasak. Fenomeno horrek erleen zikloa hankaz gora jarri zuen. Tenperaturak altuak izaterakoan urrian, azaroan, eta abuztuan hazi beharko ez liratekeen loreak loratu ziren. Erleek, ondorioz, nektar eta polen bila jarraitu zuten Asiako liztorrak beren zain zituztelarik. Liztorrek ohikoa dena baino denbora gehiago izan zuten bertako erleak akabatzeko.
Negura indartsu heltzen ez badira, zailtasunak izaten dituzte bizirauteko.
Azaroaren bukaeran kezkatuta bildu ziren Bidasoako Erlezainak elkarteko hemezortzi bat kide. Elkartea Hondarribiko, Irungo, Oiartzungo, Lezoko, Errenteria-Oreretako, Pasaiako eta Nafarroako hainbat herrietako 28 erlezainek osatzen dute. Duela 25 urte inguru sortu zen inguruko erlezainak elkartzeko gune gisa; jakinduria elkar partekatzeko, arazoei aurre egiteko —barroaren kontrako sendagai naturalak egiten zituzten, adibidez— eta eztia modu txukunean merkaturatzeko gune bilakatu zen. Egun, funtzio bera betetzen jarraitzen du. Azaroan egindako bilera hartan esperientziak partekatu eta egoera oso larria zela ondorioztatu zuten. Askok beren erlauntzen erdia galdu dute. «Erlauntzak Asiako liztorrentzako supermerkatu bihurtu dira», deitoratu du Itziar Lopezek.
Lopez erlezaina da afizioz; ofizioz, berriz, irakaslea. 2021eko udan sei erlategi zituen. Horiek, sare gisako tranpa berezi batekin estali zituen: «Sarearen bidez, liztorrak ez du erlauntzaren barruan sartzeko aukerarik, eta erleak, nahiz eta zailtasunak izan badituen sartu eta ateratzeko, babestuta dago eta badaki liztorra ez dela bertara sartuko. Modu honetan salbatu nituen, negu ona pasa zuten eta udarara oso bizirik heldu ziren». 2022an, ordea, ez zuen zorte bera izan. Tranpa bera erabili zuen arren, urritik azarora, sei erlauntzetatik hiru deuseztuta aurkitu zituen. Gainontzekoetako erleek bizirik jarraitzen badute ere, oso ahul geratu ziren, eta erle asko galdu zituzten: «Gure kezka da ea orain, otsaila-martxoa aldera zenbatek egingo duten aurrera. Otsaileko datuak okerragoak izan daitezke».
Sergio Esteban, berriz, erlezain profesionala da. Iparreko eztia izenpean eztia, propoleoa eta ezti-ura saltzen ditu. Iaz 340-350 erlategi zituen. Guadalupen, Bekoerrotan eta Hendaian ditu egun guneak. Gainontzeko erlategiak Burgos aldera eramaten ditu, bertan landare ezberdinak loratzen direlako.
«Gure erlauntzak Asiar liztorrentzako supermerkatuak dira» Itziar Lopez, erlezaina
Iazko urrian 50 erlategi inguru galdu zituen. Egoeragatik oso kezkatuta dago; izan ere, erlauntzak bizirik mantentzeko ahaleginean inbertsio handia egin behar izaten du liztorrei aurre egiteko: «Erlauntzak oso ahul zeuden eta asiar liztorrak haiekin akabatu zuen. Izugarrizko arazoa da, inoiz baino gehiago agertu dira. Urtarrilean eguraldi txarra egiten hasi den arte bertan izan ditugu. Horregatik, inbertsio handia egin behar izaten dugu haiek akabatu ahal izateko. Gehiegizkoa da». Etorkizunera begira, egoera horri irtenbide bat emateko ahaleginean sortu dute Erleen Salbamendu Sarea.
Oarso Bidasoko erlezainen kopurua nahiko txikia da, eta ez dituzte egoera berri horri aurre egiteko beharrezkoak diren baliabide pertsonalak, ekonomikoak eta materialak: «Erlezain elkarteko kide garen 28 pertsonen erlauntzetan tranpak jartzea ez da nahikoa. Oarsoaldeko, Bidasoko eta Nafarroako erlezainek osatzen dugu elkartea, pentsa zein zabala den eremua», zehaztu du Lopezek.
Horregatik, eragile publiko zein pribatuekin elkarlanean aritzeko proiektu bat proposatu dute, sarean eta modu koordinatuan arazoari aurre egiteko: udalerrietako eraikin publikoetan eta liztorren habiak ikustea ohikoa den tokietan Denis Jaffré erlezain britaniarrak asmatutako tranpa selektiboak ezartzea.
Asiako liztor erreginek kabiak sortzea ekidin nahi dute.
Tranpa horren ezaugarri nagusia selektibotasuna da, hau da, Jaffrék polinizaziorako baliagarriak diren animalia guztiak kontuan hartu zituen. Beraz, Asiako liztorrak tranpen barruan harrapaturik geratuko liratekeen bitartean, gainontzeko intsektuek ez lukete irteteko arazorik izango. Tranpak udaberrian ezartzea proposatu dute, hain zuzen, Asiako liztorren erreginak beren habiak ezartzeko gunerik aproposenaren bila irteten direnean.
Erleen dantza
Erleek beren egutegi propioa dute. Zenbaitek udaberrian hasten dela diote, besteek, berriz, udazkenean. Nola edo hala, zalantzarik gabe, erlezainek erlategietan ordu gehien igaro behar duten urtaroa udaberria da, erle erreginak nektar bila hasten direnean. Apirila edo maiatza aldera izaten da hori. Behin kumeak hazteko adina polen dagoenean arrautzak jartzen eta eztia sortzen hasten dira.
Dantzaren eta bibrazio mugimenduen bidez komunikatzen dira elkar. Batak besteari janaria, lore-hautsa edo nektarra non bilatu adierazten diote.
Bertako erlezainek, mila lore izeneko eztia egiten dute batez ere.
Komunitatea sortzen
Udaberrian bi urte beteko ditu erlezain gisa Itziar Lopezek. Erleekiko maitasuna, baina, lehenagotik datorkiola aitortu du: «Duela 8 edo 10 bat urte beste toki batean bizi nintzen eta lorategian sendabelarrak jarri nituen. Orduak pasatzen nituen belarretan eserita haiei begira». Duela bi urte Gipuzkoako Erlezainen Elkartean ikastaro bat egin, eta hala hasi zuen ibilbidea: «Oso polita da. Erlategira zoazenean ez zabiltza bakarrik erleekin, naturan zabiltza, eta asko ikasten duzu». Ikasitako guztia eta eskualdeko arazoa komunitatean partekatzeko blog bat sortu du Argia-n: «Supermerkatuetan erosten dugunean garrantzitsua da konturatzea fruta edo barazkiak ekoiztuta dauden moduak eragina dutela erleen eta polinizatzaileengan».
Erleen produktuak ere krisian
Erleen populazioak gutxikana behera egitea nahikoa arazo ez balitz, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak erbestetik inportatutako ezti ugari sartzen ari dela salatu berri du: «Bertakoek bete behar dituzten kalitate neurririk betetzen ez dituztenak» eta «bertakoa baino merkeago saltzen direnak». Horregatik, hainbat eskakizun egin dituzte: zuzeneko laguntzak erle kolonien mantentze lanen gainkosturako eta produkzio galera partzialki konpentsatzeko; Barroosiaren aurkako sendagai berriak baimentzea eta sustatzea; eta informazio gardena emateko neurriak martxan jartzea.
Polinizatzaileen gutxitzeak eragina du ingurumenean eta baratzeetan
Erleek eta gainontzeko polinizatzaileek ingurumenean duten eragina funtsezkoa da. Aranzadi Zientzia Elkarteak dituen datuen arabera, planetako landareen %90 polinizatzaileen esku dago, eta gizakiok landatutako laboreen %35 baldintzatzen dutela uste da. Polinizatzaile bakoitzak lore, barazki, fruta eta fruitu ezberdinak polinizatzen ditu; horregatik dira biodibertsitatea zaintzeko eta mantentzeko ezinbestekoak.
Environmental Health Perspective (EHP) aldizkariak egindako ikerketa batek polinizatzaileen kopuruak iaz nabarmen behera egin zuela ondorioztatu zuen. Beatriz Díaz eta Alberto Castro Aranzadiko Entomologia Saileko ikerlarien arabera, nagusiki intsektu polinizatzaileen habitatak suntsitzearen, gutxitzearen eta eraldatzearen ondorioz gertatu da. Habitat horiek, kasu askotan, gizakiak ezarritako monolaborantzengatik ordezkatu dira. Ondorioz, habitatak isolaturik geratzen dira, irlak izango bailiran. Horrez gain, aldaketa klimatikoak ere izan du zerikusirik polinizatzaileen gutxitzearekin: klima berrira egokitzeko ezgaitasunagatik, bertako espezieak ehizatzea, konpetentzia edo gaixotzea dakarren espezie inbasoreen etorreragatik, edota tenperatura aldaketengatik (landareen loratzeak beren polinizatzaileekin ez kointziditzeagatik).
Polinizatzaileen artean erleak dira talderik garrantzitsuena (eztigileak eta basatiak). Erleez gain, euliek, tximeletek, kakalardoek, liztorrek eta beste hainbat intsektuk ere paper hori betetzen dute. Guztiak dira beharrezkoak. Haien presentziak labore osasungarriagoak eta gaixotasunei aurre egiteko iraunkorragoak sortzea ahalbidetzen du.
Hondarribiko baratze komunitarioan adibidez, erleen eragina sumatu zuten iaz. Eneko Huarte ekoizleak eremu horretan du Astiro baratzea: «Iaz beste urteetan baino erle gehiago izan genituen Sergiok [Esteban] erleak jarri zituelako, eta asko polinizatu zutela nabaritu genuen. Piperrak, adibidez, izugarri ondo eman zuten, baita mizpirak ere». 2022ko urrian, ordea, liztor asiarraren eraginez hil egin ziren.
EHPren ikerketak, gainera, iaz munduan %3 eta %5 labore gutxiago sortu zirela adierazi zuen. Eskualdeko ekoizleek oraindik eragina nabaritu ez badute ere, udaberrian ikusiko dute polinizatzaileen gutxitzeak ondoriorik ba ote duen, ala ez.