[Elkarrizketa] «Gure ideia da haurrak pilotara animatzea, baina jolasetik»
Atxiki pilota eskola sortu dute irundarrak eta beratarrak. Aste honetan hasi dira lanean, eta astelehenetan elkartzen ari dira Uranzu frontoian, 17:30etatik 19:00etara.

Zerk bultzatu dizue Atxiki pilota eskola hau sortzera?
Gorka Retegi Errandonea: Ez dago pilota eskolarik Irunen, eta gu pilotazaleak garenez, pena handia ematen zigun hemen eskolarik ez izatea. Gehienbat horregatik izan da, eskola bat egon dadin eta aukera izan dezaten haurrek kirol honetan aritzeko.
Egun, bi pilota elkarte daude Irunen, baina adinekoak dira horietako partaide gehienak. Adingabekorik ez dute haien artean.
Ainhoa Moron Lasa: Lehiara bideratuta daude batik bat talde horien entrenamenduak.
Haurrentzat sortu duzue pilota eskola, orduan.
G.R.E: Hasiera batean gure asmoa zen mundu guztiarentzako izatea. Gero ikusi genuen ordu eta erdiko tartea genuela astean saioak egiteko, eta mugatu egin behar izan genuen aukera. Izan ere, udalak ordu eta erdiz dauka Uranzu pilotalekua erreserbatuta pilota eskolak emateko. Bestetik, Kirol teknikariak berak ere mugak jarri zizkigun, erran zigulako 8 urtetik gorako haurrei zuzendutako proposamena izan behar zuela gureak. Ordura arte, legez, haurrek askotariko kirolak egiten dituzte, Eskola Kirola deritzona. Beraz, 8 urtetik 12 urte bitarteko haurrentzat da, astelehenero.
A.M.L: Adin tartea, oraingoz, Gorkak esan bezalakoa izango da. Espero dugu geroago zabaltzea eta helduentzat ere izatea, zergatik ez?
Lehenengo saioa ez dela zuzenean entrenamendua izango adierazi duzue. Zer nolako saioak izango dira Uranzukoak?
A.M.L: Gure ideia da haurrak pilotara animatzea, baina jolasetik. Jendea ondo pasatzera etortzea nahi dugu. Horretarako egingo ditugun dinamikak jolasetik izango dira, eta noski, modalitate desberdinetan arituko gara. Denak nahastuta, esku pilota, pala, erraketa…
G.R.E: Pilota eta frontoia arteko jokoan, guri denak balio digu. Ez dakigu zertara ailegatuko garen, egia esan zesta puntara, esaterako, zaila ikusten dugulako iristea, baina hastapenen bat egitea gustatuko litzaiguke. Ezker pareta dugu eta horrek uzten duen modalitateetan arituko gara ahalik eta gehien probatzen.
Irunen gaztelania da nagusi aisialdiko kirol eskaintzan. Zuek, euskaraz?
A.M.L: Hasieratik oso argi eduki dugu euskara izango dugula ardatz. Euskararen espazioa bilakatuko dugu frontoia. Ildo horretan, hezitzaileak euskaldunak izango dira, eta sustatzeko lan horretan ere arituko dira. G.R.E: Euskara eta genero berdintasunean oinarrituko garela ere argi dugu. Jarrera baztertzaileak ez ditugu onartuko. A.M.L: Ez egotetik, agian, olatu bat sortuko dugu, auskalo! Niri pertsonalki ilusioa egingo lidake neskak animatuko balira, eta horretan arituko gara lanean. Indarra egingo dugu.