Artaleku eta Azken Portuko langileak, kezkatuta lan baldintzen egoerarekin
Hitzarmen Kolektiboa 2019tik izoztua dutela salatu dute, eta argi azaldu dituzte euren aldarrikapenak: eros ahalmenik ez galtzea, plataforma negoziatzea eta akordio batera iristea.
Artalekuko eta Azken Portuko kiroldegietako langileek euren lan baldintzen egoeraz duten “kezka” adierazi nahi dute, esan baitute Hitzarmen Kolektiboa “izoztuta” dutela 2019tik. Hitzarmen horren indarraldia bukatu aurretik, negoziazioak “aurreratuta” zituztela baietsi dute. Bilkura batzuk egin zituzten orduko zerbitzuaren ustiatzailea zen Bidasoa XXI Gestión deportiva 2017 SLU enpresarekin, eta akordioa izango zenaren “aldamioa” eraikitzen ari zirela jakinarazi dute.
Ondoren, baina, pandemiak dena “hankaz gora” jarri zuela esan dute, eta negoziazio prozesua “berriro aktibatu” nahi izan dutenean, “eragozpenak” besterik ez dituztela aurkitu azaldu dute langileek etsipenez: “Garaia hartan zegoen enpresak esan zuen zerbitzua uzten zuela eta ez zuela ezer negoziatu behar”.
Iazko irailean BPX enpresak beregain hartu zuen kiroldegien kudeaketa, baina gerentea aurreko enpresako berdina zela adierazi dute. Plataforma eman eta negoziatzea proposatu zieten arren, prozesua “luzatu” besterik ez dutela egin mahai gaineratu dute: “Otsailaren erdialdean gaude, eta oraindik honek ez du ez aurrera ez atzera egin”.
Hasiera batean “antolamendu arazoak” zituztela helarazi zion enpresak langileei, “beraien langileekin arazoak” dituztela esanez. Urtarrilean egindako beste bilera batean “gastu energetikoa eta beste gastu batzuen koadrantea atera behar zutela” esan zieten langileei.
Komitetik ez negoziatzeko “beti aitzakiaren bat” zutela leporatu zioten enpresari, eta argi utzi nahi izan dituzte euren eskakizunak: “Eros ahalmenik ez galtzea, gure plataforma negoziatzea eta akordio batera iristea. Kiroldegietan lan arazoak daude, eta hauek ukatzeak egoera okerrera eramateak besterik ez du eragingo”.