Adi Bidasoa topaketak sortu ditu Mugaz Gaindiko Partzuergoak
Urtero egitea da asmoa, eta mugaz gaindiko interes bereziko egoera edo gaiei buruz hausnartzeko plaza izango da. Edizio hau gazteei zuzendutakoa izango da.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Adi Bidasoa topaketak sortu ditu eta lehen edizioa otsailaren 28an izango da, Irun Factoryn, 17:30etik 20:00etara. Urtero egitea dute asmo, eta mugaz gaindiko interes bereziko egoera edo gaiei buruz hausnartzeko proiektu soziokulturala da.
Edizio honetan protagonistak gazteak izango dira, eta ideiak trukatzeko eta eskualdeko Gazteria arloekin eta elkarteekin batera mugaz gaindiko ekimenak edo jarduerak proposatzeko baliagarria izatea da helburua. 18 eta 25 urte bitartekoentzat da eta izena dagoeneko eman daiteke.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkate eta Partzuergoko bigarren lehendakariordeak nabarmendu du oso garrantzitsua direla horrelako proiektuak, “gazteen parte hartze aktiboa sustatzeko, mugaz gaindiko etorkizuneko lankidetza proiektuen oinarri izan baitaitezke”.
Kotte Ezenarro Hendaiako alkate eta Partzuergoko lehendakariak berretsi nahi izan du topaketaren xedea hausnarketak “gure tokikko eta mugaz gaindiko testuingurura eramatea” dela.
Jose Antonio Santano Irungo alkate eta Partzuergoko lehen lehendakariordeak zein gai jorratuko diren azaldu nahi izan du, “mundu digitala, berdintasuna, immigrazioa, politiketan aktiboki parte hartzea etab”.