Migrazio politikak eta mugak hizketagai, Su Txikianen eskutik
Hazian izango da solasaldia bihar, 19:00etan. Bosnia, Serbia eta Ceutako mugetan dabiltzan Miren Lizundia eta Ainhoa Apraiz, eta IHS-ko Anaitze Agirre elkartuko dira, Alaine Aranbururen gidaritzapean.
Bihar itzuliko dira Su Txikianen ostiral feministak. Denboraldi honetako lehen hitzordua Hazian finkatu dute biharko, 19:00etan. Hurrengo datak oraindik ez dituzte zehaztu, baina hilabetero ostiral batean elkartuko dira maiatza bitarte.
Migrazio politikak eta mugak ardatz hartuta, solasaldi bat gidatuko du Alaine Aranburu kazetariak. Mahai beraren bueltan elkartuko dira Miren Lizundia eta Ainhoa Apraiz, No Name Kitchen gobernuz kanpoko erakundeko kide algortarrak. Bosnia, Serbia eta Ceutako mugetan egiten dute lan errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo boluntarioki edota sartzen utzi ez dietelako inguru horietan bizi direnekin.
Migratzaileen testigantzak jasotzen dituzte Lizundia eta Apraizek, eta ondoren, Border Violenve Monitoring plataforman partekatu. Bestetik, administrazio lanak ere egiten dituzte asilo eskaera hasi nahi dutenekin, esaterako.
Gehien bat kanpalekuen kanpoaldea oihana izaten da, eta arropa, janaria edo dutxa beharra izaten dute. No Name Kitchen arduratzen da horretaz, baita ere lo egiteko lekuren bat eskaintzeaz ere.
Bestetik, Anaitze Agirre ere bertan izango da. EHUko kazetaritza fakultateko irakaslea da, eta SOS Arrazakeria eta Irungo Harrera Sareko kidea da ere. Doktore tesi bat egiten ari da Agirre, egoera irregularrean dauden emakume migratzaileen gaineko gailentzen den narratiba aztertuta.
“Narratiba nagusiaren arabera, egoera irregularrean dauden etorkinak dira, hau da, legetik kanpo daudenak. Oso gutxitan lotzen zaie asilo- eta babes-eskubidearekin, amekin edo izateko zorian daudenekin, betiere salerosketaren biktima izatearen susmopean, sexu-indarkerien biktima direlako susmopean, baina baita prostituzioan aritzeagatiko kriminalitatearen mugan ere”, azaldu zuen irakasleak Viento Sur aldizkarian.