Iker Arozena, 23 urtez azpiko Espainiako txapeldun
BATeko kirolariek maila altuan daudela erakutsi zuten, eta kide asko datorren asteko Espainiako Txapelketara begira daude jada.
Bidasoa Atletiko Taldeko kideak sasoi onean direla erakutsi dute berriro ere. Klubeko atletak proba, txapelketa eta txoko ezberdinetan lehiatu ziren, eta bidasoarrek emaitza paregabeak lortu zituzten.
Iragan asteburuan 23 urtez azpiko Atletismoko Espainiako Txapelketak jokatu ziren Antequeran (Malaga), BATeko sei atletaren parte hartzarekin. Sei kirolariek maila altua erakutsi zuten, baina denetan esanguratsuena Iker Arozenak izan zen, Espainiako txapeldun izendatu baitzen luzera jauzian. 7,82 metroko jauziarekin, Europako Txapelketarako sailkapena lortu eta Euskadiko errekor berria ezarri du, bere aurreko marka hobetuz. Espainiako Txapelketara absolutura begira jarriko da orain Arozena.
Victoria Brisok bere marka onena lortu zuen eta laugarren postuan sailkatu zen pentatloian, 3.572 punturekin. Goizane Garcia pisu jaurtitzaileak ere txapelketa bikaina osatu zuen, laugarren sailkatu baitzen, brontzezko dominatik oso gertu, 11,84 metroko jaurtiketarekin. Bere marka onena lortu zuen.
Angela Castell eta Erik Fernandez 200 metroko proban finalera sailkatzetik gertu geratu ziren. Azkenik, Aitor Fernandez iritsi berria bederatzigarren sailkatu zen heptatloian, 4.643 punturekin.
Teresa Errandonea, estatuko lider
Teresa Errandoneak berriro erakutsi du lesiotik erabat errekuperatua dagoela, eta maila bikaina eman zuen Frantzian. Orain, buru-belarri prestatuko du Espainiako Txapelketa.
Frantzian bosgarren sailkatu zen hesietako proban, 8,09 segundoko denborarekin, eta estatuko sailkapeneko lidergoan da irundarra. Munduko Txapelketako minimotik hiru ehunenera geratu zen.
Hamar kilometroko Euskadiko Txapelketa
Euskadiko Txapelketako hamar kilometroko proban, Ane Zabalak eta Gonzalo Fuertesek brontzeko domina lortu zuten euren probetan. Zabalak 36:28ko denbora egin zuen, eta Fuertesek, berriz, 30:25ekoa.
Jose Gomez de Arribak ere lasterketa bikaina osatu zuen proba berean, eta bere marka onena ezarri zuen 31:04ko denborarekin.
Sailkapen ofizialak konfirmatzear direnean, badirudi BAT taldekako Euskadiko txapeldun izendatuko dela, maila absolutuan eta beteranoetan.
Espainiako Txapelketarako minimoak
Espainiako Txapelketak hilaren 18tik 19ra ospatuko dira, eta klubeko atleta askorentzat asteburukoa zen minimoak lortzeko azken aukera.
Donostian Juan Errandoneak txapelketarako sailkapena lortu zuen jauzi hirukoitzeko proban 15,34 metroko jauziarekin. Gauzak horrela, Errandonea anai-arrebak, Juan eta Teresa, Espainiako Txapelketan izango dira.
Sailkapena lortu zuen beste kideetako bat Elena Martin izan zen, 800 metroko proban. Madrilen lehiatu zuen, eta proba irabazteaz gain, 2:10,89 minutuko denborarekin Espainiako Txapelketan izango da.
18 urtez azpiko mailan Aritz Zuazo eta Izaskun Sanz Espainiako Txapelketan izango dira. Altuera jauziko proban, 1,87 metroko jauzia egin zuen Zuazok, bigarren postua lortuz. Sanz, berriz, 1.500 metroko proban lehiatu zen. 4:51ko denbora egin eta bere marka onena lortu zuen.
Hugo Vazquez eta Alai Cabello 600 metroko proban eta Irati Erro 1.500 metrotan, sailkapenetik gertu geratu ziren, baina ez zuten minimoa lortzerik izan.