Artiako futbol-zelaiko soropil artifiziala berrituko dute
Hiru hilabetetan lanak burututa izatea aurreikusi du udalak. Obren aurrekontua 374.288,09 eurokoa da.
Udal gobernu batzarrak osteguneroko agerraldia egin du hartutako erabakien berri emateko. Hartara, Artiako futbol-zelaiko soropil artifiziala berrituko dute jakinarazi dute, 374.288,09 euroko zenbatekoaren truke (BEZ barne). Obras y Pavimentos Especiales SA arduratuko da lanez eta hiru hilabete dituzte lanak egikaritzeko.
Nagusiki soropil artifiziala berritzea da asmoa, eta horretarako, orain dagoena kendu, eta Geodren, oinarri elastikoa eta soropil artifizialez egindako sistema bat instalatuko dute, 40 mm-koa.
Soropila jartzeko, erratz makina mekanikoarekin garbituko dute oinarrizko geruza. Planimetria egiaztatuko dute, eta hondoratutako eremuak konponduko.
Harmailetan ere eragina izango dute obrek, aulkiak desmuntatuko dituzte-eta soropil-sistema berria jartzeko. Hori lortzeko, 15 cm-ko lodierako zolata bat instalatuko dute egungoaren azpiko kota batean, polipropilenozko zuntzen bidez armatuta egongo dena.
Horrez gain, zelaiaren perimetroko sareak berrituko dituzte, eta joko zelaiaren muga diren hormak elementu bigunez babestuta egongo dira. Ate eta aulki berriak ere jarriko dituzte.
Azken urteotan Katean eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpenarekin, Stadium Galen berritutako zelaiei gaineratu behar zaie jarduketa esanez amaitu du udalak.