Adinekoek dituzten beharren diagnostikoa osatu dute
Hondarribian 75 urtetik gora dituzten pertsonen beharrak ezagutzeko azterlan bat osatu du Ikei sektore publikoko aholkularitza enpresak, Hondarribiko Udalak eskatuta.
Hondarribiko adinekoen errealitatea ezagutzeko ikerketa bat osatu du Hondarribiko Udalak Ikei sektore publikoko aholkularitza enpresaren eskutik. Gaur goizean emaitza horiek partekatzeko aurkezpena egin dute.
75 urtetik goragokoen beharrak ezagutzeko azterlana izateaz gain, Gizarte Zerbitzuak adineko horiengana hurbiltzea ere helburu zuen; izan ere, ikerketak ondorioztatu duen, adineko askok ez dakite zerbitzu hau existitzen denik (Zehazki inkestatutakoen %38k ez zuen zerbitzu honen jakintzarik).
Ikerketa modu kualitatiboan osatu dute, inkesta formatuan. Datu bilketa eta txostena 2022an burutu ziren. Laura Gallo Ikei enpresako ordezkariak esan duenez parte hartzea altua izan da: 10etik 4k parte hartu du.
Diagnostikoa eskuetan, hurrengo pausoa inkestaren emaitzak gizarteratzea izango da. Oraindik data zehatzak ez dituzten arren, herritarrekin aurkezpen bat egin gura dutela aurreratu dute. Gizarteratu ondoren, ondorioak ikertu eta akzio plan bat osatuko dute, behar horiei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko.
Daturik esanguratsuenak honakoak dira:
- Hondarribian 75 urtetik gorako 2.243 pertsona bizi dira, horietatik 563 bakarrik bizi dira (%25), hau da, 4 pertsonetatik 1.
- Oro har bizi kalitate ona dutela adierazi dute. 10 puntutik 7,7 eman diote.
- %19ak egunerokotasunean jarduerak aurrera eramateko zailtasunak dituela adierazi du, hala nola, teknologia berriak erabiltzeko.
- %20ak adierazi du maiz osasun arazoak izaten dituztela, kalera irteteko zailtasunak izaten dituztelarik.
- %95ak laguntza sarea duela adierazi du, %3k, ordea, ez.
- %7a ez da inoiz etxetik irteten.
- 10etik 6k bakardadea sentitzen ez dutela adierazi du, %10, ordea, bakarrik sentitzen da.
- %14k antsietatea pairatzen du, adibidez, bankuko transakzioak, abokatuekin bilerak edo aseguru kontuak egiterako orduan.
- %11ak etxebizitzak egokitzearen beharra agertu du. Igogailuak ezartzeko, komunak egokitzeko…
- 10etik 9k beren etxebizitza propioa dute.
- Adineko gehienak emakumeak dira.