Nerea Bermejo ilustratzaileak irabazi du M8ko kartel lehiaketa
'Gure eguna' da aurkeztutako irudiaren izenburua. Pozik eta harro agertu da ilustratzaile irundarra.
Lehenengo aldia da Nerea Bermejo Martxoak 8ko kartel lehiaketara aurkezten dena. Ilustratzaile irundarrak deialdia “txiripaz” aurkitu zuela aitortu du. Lehiaketara aurkeztu zuen lana aurkeztutako 14 obren artean aukeratua izan dela jakin zuenean pozik eta harro sentitu zela azaldu du Bermejok: “Oso harro nago egun berezia delako” eta “batez ere, egun honetan emakumeak irudikatuta egongo direlako”.
Prozesuan zehar hainbat ideia izan zituen, baina azkenean, izenburua erdian jarri eta pertsona guztiak elkarrekin eusten aritzearen ideiari eutsi zion: «Denak desberdinak gara baina denak batera, elkarrekin eguna babesten ari dira. Sukaldariak, udaltzaingoa, lorezainak, arraunlariak, neska txikitxoak, amak… Nire inguruan dauden pertsonengan pentsatu nuen».
Epaimahaia Gotzone Larrarte, Berdintasun saileko zinegotziak (lehendakari gisa), Jonan Basterretxea Irurzun artista plastikoak, Tzane Carrillo Salaberria Emeki elkarteko ordezkariak, Maider Goikoetxea Enparan artista plastikoak, Borja Jorge Montes eta Javier Sanz Susperregui arkitektura eta diseinua enpresako kideak, Estitxu Ortolaiz Enparan argazkilariak eta Gregorio Uriarte Kultura teknikariak, eta Xabier Ruiz de Azua Gizarte langileak (idazkari gisa) osatu dute.