Mendelu Zaharra elkarteko kideek positiboki baloratu dute lan-mahaiaren lehen bilera
Hemendik hilabetera lehenengo aurrerapausoak sumatuko direla esan dute elkarteko kideek.
Joan den ostegunean (hilak 3) udaletxeko areto nagusian egikaritu zen Mendelu Zaharra auzo elkartearen eta udaleko ordezkarien arteko lan-mahaia. Auzo elkarteko kideek positiboki baloratu dute lehenengo bilera, udal talde guztietako ordezkariak bertan izan zirelako.
Mendelu auzoko hobekuntzak aztertzeko, abenduaren 22ko osoko bilkuran elkarteak aurkeztu zuen mozioan oinarritutako bost puntuak jorratu zituzten. Elkartearentzako horietatik guztietatik garrantzitsuenak Mendelu auzoko birgaitze integrala eta auzotik igarotzen diren gehiegizko kotxe kopuruaren arazoaren azterketa dira.
Elkarteko kideek bilera adeitsua izan zela adierazi dute, eta bi aldeek lanean jarraitzeko konpromezua eta gogoa agertu zituztela. Hemendik hilabetera lehenengo aurrerapausoak sumatuko direla esan dute.