Maratoi erdia eta 10K lasterketak berritasun txikiekin egingo dira
Otsailaren 26an izango dira hiri barneko bi lasterketak. Dortsalak jasotzeko lekua eta dutxen kokalekua dira aldaketa nagusiak.
Atzo, Irungo Maratoi Erdiaren eta 10K lasterketaren aurkezpenak egin zituzten San Juan plazan Borja Olazabal, Kirol zinegotziak, babesle nagusien ordezkariek (Lomeña fachadas, AB Soluciones Industriales eta Deportes Gonzalez), eta udaltzainak eta babes zibileko langileak. Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) antolatu du aurtengoan ere proba.
Otsailaren 26an izango dira bi lasterketak, eta ibilbidea hiri barnean izango da, beste urte batez. Zabaltza plazatik irtengo dira, 10:00etan, eta San Juan plazan bukatuko da. Bi lasterketen kilometro puntuak markatuta egongo dira ibilbidean zehar, eta dagoeneko izena eman daiteke lasterketetan lotura honen bidez.
Aldaketa nagusiena dortsal banaketa izango da. Deportes Gonzalezen ardura pean, Hondarribia hiribidean duten dendara gerturatu beharko da jasotzera. Otsailaren 20ko asteko ostegun, ostiral eta larunbatean pasatu ahalko da. Horrez gain, egunean bertan San Juan plazan jasotzeko aukera izango da ere.
Dutxa eta zaindegiak lekuz aldatu dituzte ere, eta aurten Uranzu pilotalekuan jarri dituzte. Positiboki baloratu dute aldaketa hau, helmugatik 300 metrotara baitago kokatuta.
Berritasunekin jarraituz, izen emate promozio bereziak sortu dituzte. Esaterako, seme-alabekin parte hartuko duten gurasoentzat, taldean parte hartuko dutenentzat edota 27 urte azpikoentzako gutxieneko prezio bat. Orrialde honetan kontsulta daiteke dena.