Gorostien banaketan izena emateko epea, zabalik
Iaz, 2022an, jaiotako haurrak dituzten familiek har dezakete parte egitasmoan. Izena emateko azken eguna hilaren 26a da.
Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak jakinarazi du zabalik dagoela gorostien banaketan izena emateko epea. Hilaren 26a izango da horretarako azken eguna. ‘Etorkizuna gara. Elkarrekin hazteko gorosti bat’ lelopean, egitasmoaren zazpigarren ekitaldia da aurtengoa, eta urte bakoitzean (kasu honetan, 2022an) Irunen jaiotzen diren haurrei eta beren senideei ematen zaie gorostia. Aurten martxoaren 18an emango dira, udaletxeko arkupeetan.
Egitasmoan parte hartzeko, iaz Irunen jaiotako haurrak dituzten familiek eman dezakete izena, Irungo Udalaren webgunearen bidez edo 010 telefonora deituta. Behin txandak banatuta, mezu elektroniko bat jasoko dute parte hartzaileek, gorostia zer egun eta ordutan jaso behar duten jakinarazteko.