Atzerapausoa Bidasoa Irunentzat
Irundarrek 28-25 galdu zuten Aguas Santas Milanezaren aurka, eta sailkatzea euren esku badago ere, aukera paregabea galdu zuten atzo sailkapen horretara gerturatzeko.

Eskubaloiko Munduko Txapelketa ondorengo Asobal Ligako lehen partidan gailendu baziren ere, Bidasoa Irunek ezin izan zuen bide horretatik jarraitu Europan, bidasoarrek 28-25 galdu baitzuten Portugalen Aguas Santas Milaneza taldearen aurka. Multzoen fasea bukatzeko hiru partidaren faltan, lau puntuko aldea dute irundarrek, baina atzo aukera paregabea galdu zuten sailkapena lortzeko bidean. Dena den, bidasoarren esku dago hurrengo fasean egotea.
Lehen zatia berdindua izan zen, bi taldeek izan baitzituzten abantaila txikiak markagailuan, eta 14-14ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia lehenaren bidetik hasi zen, eta bidasoarrek bi gol baina gehiagoko aldea lortu ez bazuten ere, defentsan eta erasoan egiten ari ziren lanak garaipena lortzea posible zela erakutsi zuten. Hortik aurrera, baina, Bidasoak tokia galdu zuen zelaian, eta portugaldarrek markagailua irauli zuten. Azkenean puntuak etxean geratu ziren (28-25) eta Bidasoak borrokan jarraitu beharko du hurrengo fasean egon nahi badu.
EHF European Leagueko partida pasata, Asobal Ligan zentratu beharko dira irundarrak, ostiralean baitute hurrengo neurketa. Galizian arituko dira, Frigoríficos Morrazo taldearen aurka, 21:30ean.