Hobekuntza lanen ondoren, ireki dute Ama Xantalen ermita
Aztarnak gertuagotik ikusteko aukera dago, eta nekropolia nolakoa zen jakiteko 3D baliabidea jarri dute ere. Ate ireki berezia egingo dute larunbat honetan.
Amaitu dituzte Ama Xantalen ermitako lanak, eta hobekuntza lan horien berri eman du gaur Jose Antonio Santano alkateak, Oiasso Museoko zuzendari, Juanjo Jimenezekin batera.
“Inoiz ez bezala dago eraikina, eta jauzi kualitatibo itzela egingo du, bisitaren balioari dagokionez” adierazi du Santanok. Izan ere, Oiassoko nekropoli honen 3D-ko birsorkuntza ikusteko aukera jarri dute.
Berritasun guzti horiek ezagutzeko ateak irekiko dituzte otsailaren 11n, larunbat honetan, 10:00etatik 19:00ak bitarte. Asmoa ere bada bertan egiten zen Parentalia jaialdiaz informatzea. Jaialdi hori senideen omenezko jai bat zen, arbasoen espirituei eskainitako ospakizun bat. Gogoratu behar da ermitan 106 urna topatu zituztela, baita ere harrizko hiru mausoleoaren aztarnak ere.
Hobekuntzei erreparatuz, irisgarritasuna hobetu dute, eraikinaren sarbide nagusia lotzeko pasarela bat eraikita. Gainera, ate nagusitik aztarnategira sartzeko aukera dago aurrerantzean. Orain, bisitariek gertutik ahalko dituzte ikusi bertako aztarnak. “Jarduketa horien guztien helburua da Irungo ondare historiko eta arkeologikoaren harribitxi horretara joaten diren bisitarien esperientzia hobetzea”, zehaztu du udalak.
Lanen aurrekontua 176.685,00 eurokoa izan da eta ZETABI arkitektura bulegoko Aitor Zubia arkitektoa izan da proiektuaren zuzendaria. Arkeolan Fundazioaren eskutik (Oiasso Museoaren erakunde esleipenduna), jarduketa honek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du.
Aipatu berri den diru aurrekontua ez da ermita hobetzeko soilik baliatuko, Ermita kalea berritzeko ere erabiliko dute, edota Ama Xantalen kalea eta Urdanibia plaza lotzeko dagoeneko amaitu diren obretarako.