Alkateak Erdialdeko anbulatorioa handitzeko txosten bat idatzi du
Jose Antonio Santanok osasun etxearen egungo azalera ia bikoiztu daitekeela frogatzen duen idatzi bat helarazi dio Gotzone Sagardui osasun sailburuari.
Irungo Udalak jakinarazi du, hiriak dituen osasun arretaren esparruko beharrak direla eta, Jose Antonio Santano alkateak Erdialdeko anbulatorioaren egungo azalera handitzeko aukerei buruzko txosten bat helarazi diola Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari. Hirigintza arloak egindako txosten horretan jasoa dago Erdialdeko osasun zentroaren egungo azalera ia bikoiztu daitekeela, 2.089 metro karratutik 3.649 metro karratura handituz.
Anbulatorioaren atzealdeko espazio librea eraikina handitzeko balia daitekeela azaldu dute, Gipuzkoa hiribidea eta Artaleku kalea lotzen diren eskaileren ondoan. Egindako azterketaren arabera, beste solairu bat eraiki daitekeela aurreikusi dute, osasun etxeak, orotara, bost solairu izan ditzan.
“Egindako bileretan iragarri nion moduan, konpromisoa hartu nuen sailburuarekin idatziz Erdialdeko anbulatorioaren partzela handitzeko aukerei buruzko informazio gehiago helarazteko. Bat gatoz beharrezkoa dela gehiago inbertitzea, eta erraztasunak eman nahi ditugu. Esan izan dugun bezala, bihar bertan, Eusko Jaurlaritza Oñaurren lanean has daiteke, ia 10.000 m2-ko eremuan, eta, gainera, Erdialdeko anbulatorioa handitzeko aukera du. Irundarrek behar dute”, adierazi du alkateak.
Oñaurreko lurrak
Irungo Udalak gogorarazi du 2015etik udalak Oñaurreko lur batzuk dituela, Eusko Jaurlaritzak nahi duenean aktiba ditzakeenak. Guztira, 9.700 metro karratuko aprobetxamendua izango luke jaurlaritzak eremu horretan.
“Begien bistan geratu denez, ados gaude hiriko osasun arreta hobetzeko premia dagoela. Bada, egitez frogatu dezagun konpromiso hori. Udalak hiriko ia 12.000 m2 jartzen ditu Eusko Jaurlaritzaren esku, Oñaurreren eta Erdialdeko anbulatorioaren artean, eta erabat prest dago herritarrek zein profesionalek helarazitako beharrari erantzuteko”, gaineratu du Santanok.
Azkenik, txostenarekin batera bidalitako eskutitzaren bidez, alkateak hiriko osasun beharrak eta hirian ezarri nahi dituen zerbitzuak justifikatzeko dokumentua udalari bidaltzeko eskatu dio Sagardui sailburuari.