Jarduera sorta zabalarekin dator Oiasso Museoa
Historia eta arkeologia ikastaroak, antzerki klasikoko tailerrak eta literatur tertuliak antolatu dituzte datozen hilabeteetarako.
Antzinaro greko-latindarra ezagutarazteko jarduera mordoa antolatu ditu Oiasso Erromatar Museoak datozen hilabeteetarako. Alde batetik, historia eta arkeologia ardatz duten ikastaroak eskainiko dituzte, ‘Domusetik forora. Erromatarren eguneroko bizitza esperientzia femeninoen ikuspuntutik’ izenburupean. Erromatarren garaiko iraganean jarriko dute fokua, bereziki emakumeek zuten tokiaren gaineko ikuspegi eguneratua ematea helburu duela azaldu dute antolatzaileek.
Ikastaro horietan, astero, erromatarren garaiko emakumeen bizitza azalduko da, eta haien ekintzen bidez, eguneroko bizitzako gaietan sakonduko direla esan dute; hala nola, gladiatoreen ikuskizunetan, hirigintzaren esparruko ustelkerian eta sukaldaritzako tradizioetan.
Eskolak otsailetik maiatzera izango dira, gaztelaniaz, bi txandatan: otsailaren 28tik maiatzaren 30era, asteartetan, 18:00etatik 20:00etara; eta martxoaren 2tik ekainaren 1era, ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara. Ikastaroek hamabi saio izango dituzte, Leire Lizarzategiren gidaritzapean.
Izen-emateak irekita daude jada, baina eskolek toki kopuru mugatua izango dute. Izena emateko, Oiasso Museoko harreran edo 943 63 93 53 telefono zenbakira dei eginez egin daiteke erreserba. Ikastaroaren prezioa 65 eurokoa da, eta honakoak hartzen ditu beregain: ordubeteko hamabi eskola, ikastaroari buruzko informazio praktikoa emateko dosier bat eta eskola bakoitzaren ondoren banatuko den laburpen bat.
Antzerki klasikoko tailerrak
Ikastaro horiez gain, Oiassok helduak, gazteak eta haurrak antzerki klasikora erakartzeko tailerrak antolatu ditu. Saioak antzerki munduko profesionalek emango dituztela nabarmendu dute, eta tailer bakoitza parte hartzaileen adinera egokituko dela gaineratu dute. Saio guztiak Oiasso Museoan izango dira, eta izen-emateak ere bertako harreran egin daitezke. Telefonoz eta posta elektronikoz ere apuntatzeko aukera dago.
Helduentzako antzerki tailerrak:
- Arduraduna: Patxi Perez.
- Eguna: Asteazkenetan, otsailetik 15etik martxoaren 29ra.
- Ordutegia: 18:30etik 20:30era.
- Prezioa: 40 euro.
Haurrentzako antzerki tailerrak:
- Arduraduna: Nerea Arriola.
- Adina: 8-13 urte.
- Eguna: Asteartetan, otsailaren 14tik martxoaren 28ra.
- Ordutegia: 17:15etik 18:15era.
- Prezioa: 20 euro.
Literatur tertuliak
Mertxe Trantxe ikertzaileak dinamizatzen dituen literatur tertuliek ere euren txokoa izango dute. Horietan lehena hilaren 27an izango da, 19:00etan, eta aurki hasiko da izena emateko epea. Lehen saio horretarako hautatutako obra Adur Intxaurrandieta lezoarraren Rebelión en Sicilia da. Nobela hori CBA liburutegian har daiteke maileguan; eta Oiassok ere 25,95 euroan saltzen du.
Tertulietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, Oiasson bertan edo 943 63 93 53 telefono zenbakira dei eginez. Izen-emateak bi euro balio ditu, eta prezio horren barruan sartzen dira kafea eta pastak. Saioek edukiera mugatua izango dutela jakinarazi dute.