Irungo prostituzioari buruzko ikerketa egin du udalak
Ogibide honetan dihardutenen bizi kalitatea hobetzeko proposamenak gauzatzeko baliatuko du ikerketa Irungo Udalak. Guztira 102 profesionalek bete dute Arrats elkarteak egindako galdetegia.
Irungo prostituzioari buruzko txosten bat landu du Arrats elkarteak, Irungo Udaleko Berdintasun Arloak hala eskatuta. Lanaren aurkezpena egiteko agerraldia egin dute gaur Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak, Koldo Zabala Berdintasun teknikariak, eta Sonia Vega Arrats elkarteko gizarte langilea eta ikerketaren koordinatzaileak. Txosten osoa lotura honetan irakur daiteke.
Ikerlana egitearen helburua prostituten esperientziak biltzea, kezkak eta beharrak ezagutzea, eta oro har, Irunen prostituzioan dabiltzanen adierazpenak jasotzea izan dela adierazi du Etxebestek. Ikerketaren parte bat zazpi orriko galdetegi bat izan da, eta Irunen prostituzioan dabiltzanen 102 pertsonak erantzun dute.
Bestetik, ikerketarekin udalak ez duela soilik ondorioak atera nahi dio Zabalak, pertsona horien ongizatea hobetzeko Irungo Udaletik proposamenak egitea izan da xede nagusia, “dagozkigun eskumenak aintzat hartuta”. Hala, arreta hobetze aldera honako ideia hauek proposatu ditu udalak:
- Erroldatze soziala bermatzeko protokoloa garatzea.
- Sufritutako indarkerien zenbaketa egitea.
- Profesional eta bezeroak sentsibilizatzeko eta indarkeria matxistei aurre hartzeko diptikoak egitea.
- Irunen transmisio sexualeko infekzioak detektatzeko probak egiteko aukera eskaintzea.
- Profesionalentzako prestakuntza, estigma txikitzeko eta arreta hobetzeko.
- Aukera zerbitzuaren bermatzea, zuzenean esku hartzen jarraitu dezan.
Teknikariaren arabera, txostena egitearen beste arrazoietako bat prostituzioan dabiltzan emakumeei buruz hitz egiterakoan, beraiekin hitz egin gabe beraiei ahotsa jartzen dela izan da. Bestalde, 2021ean Berdintasun arloak egindako beste ikerketa batean oinarritu direla gaur aurkeztu dutena enkargatzeko azaldu du: “2021ko txostenean Irungo emakumeek zein diskriminazio jasaten duten ikertu genuen; eta jakina da emakume bati estigma sozial asko duen ogibide bat duela gehitzen diozunean, emakume horrek jasaten duen bazterkeria bikoizten dela”.
“Eskaera luzatu genienean erantzuna oso ona izan zen, eta gehiengoak parte hartu du”, azaldu du Vegak. Arrats elkarteak urteak daramatza Irunen lanean Aukera programaren barruan. Beraien esku hartzeak bulegotik egiten dituzte, Behobiako kaleetan (bertan praktikatzen baita hiriko kale prostituzioa) edota klubetara hilabetean behin gerturatuz; baina prostituta direnen iritziak jaso nahi zituztela adierazi du Vegak: “Horregatik ikerketaren zati bat kualitatiboa da eta bestea kuantitatiboa”.
Prostituzioaren barruan sor daitezkeen iritzi desberdinak jaso dituzte txostenean, eta esaterako, Espainiako Gobernua orain idazten ari den lege proposamenaren gainean galdetu diete. Lege horrek zigor kodea aldatzea du asmo, eta bezeroak zigortzea, besteak beste. Vegak datu bat eman du: Espainiako prostituten %99 ez dago legearekin ados. “Alde batera utzita prostituzioan ari diren ekonomikoki irauteko beste bitartekorik ez dutelako, edo beste irtenbiderik ez dutelako jarduten ari direlako. Ia guztiak lege honen aurka daude”.
Etxebestek eredu gisa jarri nahi izan du Frantzian 2017an diru truke adostutako erlazio sexualak kalean debekatzen dituen legea. “Irunera datozen bezero gehienak frantsesak dira, daukaten legearen ondorioz”. Legea abolizionistatzat jo du eta lege horrekin ez dela prostituzioa desagertzen argudiatu du, “bezeroa mugiarazten du soilik”. Horrez gain, lege horrek prostituzioan dihardutenengana iristea zaildu egiten duela dio zinegotziak. “Orduan zaurgarriagoak dira, jasaten duten biolentzia handiagoa da, eta horrek ez du bat ere ez laguntzen”.
Ogibidez aldatuko ziren ere galdetu diete, eta %48k dio baietz; aldiz, %49ak dio ez lukeela ogibidea aldatuko. “Garrantzitsua iruditzen zaigu ogibidean jarraitu nahi dutenek ogibidearen legalizazioa eskatu duela, baita lan baldintza duinak izatea ere beraien ogibidean lan egiteko”, dio Zabalak. Lanbidea aldatuko luketela adierazi dutenek, aldiz, lan eskaintzak izateko baliabideak eskatu dituzte, “edota hasiera batean prestazio ekonomikoak jasotzea ogibide trantsizioa gauzatu ahal izateko”.
Denek bat egiten dute esatean zailtasunak dituztela jarrera matxistak dituzten bezeroekin, eta erroldatzeko eta eskubideak eskuratzeko, hala nola, osasun txartel indibiduala, baliabide komunitarioak erabiltzeko aukera, paperak lortzeko aukera… Horregatik, Etxebestek dio langile horiei errolda soziala lortzeko erraztasunak ematea dela udalaren lehentasuna.
Hainbat datu
Inkesta egin dutenen %91 emakume zisgeneroak dira; %7 emakume transak; eta %2 gizonak. “Irungo prostituzioak emakume aurpegia dauka”, argitu du Zabalak. Gehiengoa epaituta sentitzen da prostituzioa praktikatzen duenean, eta askotan isilik izaten duela bere barnean ere argitu nahi izan du.
Adin tarteari erreparatuz, prostituzioaren profesional gehienak 31 eta 45 urte artekoak dira (45 pertsona); Jarraian, 24 eta 30 urte bitartekoak dira gehiengoa (29 pertsona); segidan, 46 eta 65 urte artekoak (21 pertsona). Badira lau pertsona 18 eta 24 urte artean dituztenak, eta hiru pertsona 66 urte baino gehiago dituztenak.
Jatorria ere kontuan hartu dute profiletan. 102tik 83 Latinoamerikatik etorri ziren; hamalau mendebaldeko Europako herrialdeetatik; lau pertsona ekialdeko herrialdeetatik; eta pertsona bat Afrikatik. Datu horiek portzentaietan irakurrita, elkarrizketatutako pertsona guztien %81,4 Latinoamerikatik datoz, eta % 13,7 Europako ekialdeko herrialdeetatik. %3,9, berriz, Mendebaldeko Europatik datoz; eta % 1 Afrikatik.
Galdetegian parte hartu duten emakume guztien bizilekua ez da Irun, zehazki, 29 bizi baitira Irunen; 26 Espainiako Estatuko beste eskualde batean; hamahiru Donostian; bederatzi Nafarroan; zazpi Bizkaian; hiru Lezon; bina Legorretan, Hernanin eta Alegian; bana Zumaian, Beasainen, Azkoitian eta Araban.
Gizarte edota familia egoeraz ere galdetu zaie, eta erantzun dutenen 54k seme-alabak dituzte jatorrizko herrialdean, eta 8k harrera herrialdean. Bestetik, ardurapean dituzten beste senideak dituzte 40 emakumek jatorrizko herrialdean, eta 5ek harrera herrialdean. Beraz, erdiak baino gehiagok dauka zaintza arduraren bat familian.
Lan espazioei erreparatuz gero, ikus daiteke askotarikoak direla. Prostituzioan diharduten %50ak klub batean egiten du lan; %33ak pisu batean; %13k irteerak egiten ditu; eta %4k kalean egiten du lan.