Inauterietako kartelaren aukeraketarekin, dena prest
Noelia Sierrak aurkeztutako lana izango da aurtengo inauterietako irudia. Mozorro festa ospatzeko Hondarribiko Udalak hainbat eguneko egitaraua prestatu du datorren asterako.
Datorren astean izango dira inauteriak eta dagoeneko dena prest du udalak. Kartelaren aukeraketa zen mozorro festaren koktelean falta zen azken osagarria. Noelia Sierra hondarribiarrak irabazi du Al buen son lanarekin. Guztira 19 lan aurkeztu dira eta horietatik guztietatik nabarmendu da. Kolore biziaren, eta dantza eta mugimenduaren bidez alaitasuna transmititzen duen lana da.
Epainahaia osatu dute Juan Luis Silanes Kulturako Zinegotziak; Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzuko saileko Zinegotziak; Jonan Basterretxea Irurzun artista plastikoak; Idoia Seijo Iruretagoiena artista plastikoak; Tzane Carrillo Salaberria Emeki elkarteko ordezkariak; Maider Goikoetxea Enparan artista plastikoak; Borja Jorge Montes eta Javier Sanz Susperregui arkitektura eta diseinua enpresako kideak; Estitxu Ortolaiz Enparan argazkilariak; eta Gregorio Uriarte, Kultura teknikariak (idazkari gisa).
Inauterietarako egitaraua
- Otsailak 14: Inauterietako kartel erakusketa inauguratuko da. Hilaren 26ra bitarte egongo da ikusgai Arma Plazan. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.
- Otsailak 16: Ikasleen inauteri kalejira. 17:00etan hasiko da. Hondarribiko Musika Eskolak antolaturako jarduera da.
- Otsailak 17: Hondarribiko Hiria Musika Bandaren inauterietako kontzertua. 19:00etan Itsas Etxean. Gonbidapenak Kutxabanken webgunean, Aretoak Gipuzkoan eta Arma Plazako turismo bulegoan eskura daitezke.
- Otsailak 18:
- Mairuak. Emeki Elkarteak antolatuta. Informazio gehigarria hurrengo albistean.
- Abiyuan txaranga herritik zehar ibiliko da 12:30etik aurrera.
- Herri bazkaria Arma Plazan. 14:30ean hasiko da. Sarrerak Ttoparan, Etxeberrian eta Andiren eskuratu daitezke 10 euroan. Tiketak erosteko azken eguna hilaren 16a izango da. Mozorrotuta joatea ezinbesteko baldintza da.
- Euskal inauteria baserriz baserri, Meakako Adixkideak Dantza Taldearen eta Egoipar Euskal Dantza Taldearen eskutik.
- Peña poteo txaranga Alde Zaharrean 18:00etatik aurrera.
- DJ saioa Arma Plazan 22:00etan.
- Otsailak 19:
- Hondarribiko Txistu Taldearen alborada Alde Zaharrean eta Portuan, 08:00etan.
- Inauterietako desfilea. 10:30ean Arma Plazatik abiatuko dira. Ondoren Minasoroetara joango dira. Handik Sabino Arana kalera. Azkenik Zuloaga kalean barrena San Pedro kalean amaituko dute.
- Hodei Magoaren Sentsazioak ikuskizuna, 18:00etan Itsas Etxea Auditoriumean. Sarrerak 4 euroan.
- Inauterietako sari banaketa 19:30ean egingo da Udaletxeko Areto Nagusian.