Europako Txapelketa garaipenarekin hasi nahi du Bidasoak
Asobal Ligan itzulera bikaina izan ondoren, garaipenaren bidetik jarraitu nahi dute irundarrek. Portugalen jokatuko dute gaur, eta irabaziz gero, hurrengo fasera sailkatzetik gertu izango dira.
Eskubaloiko Munduko Txapelketaren ondoren, Bidasoa Irun lehiara bueltatu da. Itzulera bikaina izan zuten Jacobo Cuetararen mutilek, Benidorm menderatu baitzuten ostiralean Artalekun (32-27), Asobal Ligako 16. jardunaldian, txapelketako bigarren itzuliaren lehen partidan.
Gaur, ordea, EHF European League izango da berriz hasiko den txapelketa, eta Bidasoak Portugalen jokatuko du Aguas Sanas Milaneza taldearen aurka, Multzoen Faseko zazpigarren jardunaldian, 20:45ean (ETB4). Bidasoarrak sailkapeneko hirugarren postuan dira zazpi punturekin, eta aurkariak, berriz, asken postuan dira puntu bakarrarekin. Gaurko norgehiagoka irabazten badute hurrengo fasera sailkatzeko urrats garrantzitsua emango dutela onartu du Cuetarak: “Partida garrantzitsua da sailkatzeko. Irabaziz gero, kalitatezko jauzia izan daiteke sailkapen matematiko hori lehenbailehen lortzeko eta lehiaketaz gozatzen jarraitzeko”.
Benidormen aurkako garaipenak, gainera, taldea konfiantzaz bete duela adierazi du irundarren entrenatzaileak: “Garaipen bat lortzetik gatoz, Asobal Ligako bigarren itzulia arrakastaz hasiz. Etxetik kanpo maila ona eman behar dugu. Zailtasunaren berri badugu, baina konfiantza handiarekin gatoz”.
Joaneko neurketan irundarrak nagusitasunez gailendu ziren portugaldarren aurka Artalekun (35-26), eta azken postuan badira ere, garaipenik lortu gabe, etxean aurkari zaila dela nabarmendu du prestatzaile bidasoarrak: “Eskubaloi ona jokatzen duen talde bat da. Esan dezakegu espainiar estiloa duela, taktikoki oso ondo lan egiten duelako eta maila kolektiboan lan asko egiten duelako. Ideiak oso argi ditu eta oso zaila da bere kantxan irabaztea, aurreko partidetan erakutsi duen bezala. Puntu gutxi daramatza, baina lehia handia eman du, batez ere bere etxean. Motorren aurka berdindu egin zuen eta Eurofarm Pelisterren aurkako partidan emaitza parekatuarekin iritsi zen azken minutuetara. Partida ona egin beharko dugu”.
Mikel Zabala Bidasoako jokalaria ere Cuetararen ildotik mintzatu da, eta lehia gogorra aurreikusten du Portugalen: “Gaurkoa neurketa garrantzitsua da EHF European Leagueko hurrengo fasera pasatzeko. Beraien etxean ziur gauzak oso zail jarriko dizkigutela eta badakigu partida gogorra izango dela. Taldea dinamika onean dator, Benidormen aurkako bi puntuek indar handia eman digute hurrengo neurketetarako. Taldeak aurpegia emango du eta ea lortzen ditugun hurrengo fasera sailkatzeko oso garrantzitsuak izango diren bi puntu horiek”.