Errugbilari gazteena izango da asteburua
16 eta 18 urtez azpiko taldeek Euskal Ligetako bigarren faseak hasiko dituzte larunbatean Plaiaundin, eta errugbi eskolako jokalariek topaketa dute igandean Ordizian.
Errugbia Plaiaundira itzuliko da asteburuan. Txingudi Errugbi Taldeko jokalari gazteak izango dira protagonistak, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Euskal Ligetako bigarren faseak hasiko baitituzte larunbatean. Jokatzen lehena 16 urtez azpiko taldea izango da, eta Bera Bera-Baztan taldea jasoko dute 10:30etik aurrera. Partida hori bukatutakoan, 18 urtez azpikoen txanda izango da, eta Iruñaren aurka arituko dira.
Lehiaketaz gain, errugbi eskolako jokalariek ere jardunaldia izango dute asteburuan. Errugbilari gazteak Ordiziako Altamira zelaian izango dute topagunea, 10:00etatik aurrera. Bidasoarrekin batera Ordizia, Zarautz, Lasarteko Beltzak eta Arrasate taldeak zelairatuko dira.
Gazteen beste taldeak, 14 urtez azpikoak, ez du ligako jardunaldirik izango asteburuan, Gipuzkoako selekzioetako entrenamenduak izango baitira Hernanin, 10:00etatik aurrera.
Eki Fanlo babesteko deialdia
Irungo Udalak hiriko kirolari onena aitortzen duen sariak banatuko ditu hilaren 15ean, Ficoban. Saridunak bozkatzeko Irungo Udalaren webgunera joan behar da eta horretarako azken eguna hilaren 10a da, ostirala.
Saria jasotzeko hautagaietako bat Eki Fanlo nazioarteko errugbi epailea da, eta Txingudik epaileari bozka emateko deia luzatu du. “Apartekoa da azken urteetan Eki egiten ari den lana eta, hain zuzen ere, pasa den urtean zazpiko errugbiko Munduko txapelketan eta denboraldia zehar jokatzen diren serietan jardun da. Irungo izena mundu mailako errugbian kokatu du bere lanarekin” nabarmendu du klubak.
Fanloren ibilbidearen adibide da iragan asteburuan Santboianak eta El Salvadorrek jokatutako Espainiako Superkopako finaleko epailea izan zela.
Beteranoen omenaldia
Martxoaren 4an errugbi taldeko beteranoak omenduko dituzte, eta horretarako, egun osoko programazioa ondu du Txingudik. Eguna 11:00etan hasiko da Plaiaundin, eta bertaratzen direnek ‘tokata’ bat jokatuko dute, hau da, plakaketarik gabeko partida bat. Neurketaren ondoren, hirugarren denbora egingo dute bost euroko prezioan zelaira bertaratzen diren jokalari eta zaleentzako.
Eguerdian Gabiria jatetxean bilduko dira bazkaltzeko. Bazkariak hogei euroko prezioa du, eta bertara joateko derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea hilaren otsaila baino lehen 678 616 475 telefonoan.
Eguna bukatzeko, 20:00etatik aurrera, Txingudi Errugbi Tabernan poteo herrikoia egingo dute. Klubetik egungo jokalari, jokalari ohi, zale, lagun eta herritara orori luzatu die egunean parte hartzeko deia.