Porrot gogorra Txingudirentzat igoerarako lehian
Bidasoarrek ezin izan zuten larunbateko partida aurrera atera (29-13), baina sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute.
Porrot gogorra jasan zuen Zaisa Txingudik larunbatean Igorren, 29-13 galdu baitzuten Arratiko Zekorrak taldearen aurka. Etxeko taldea intentsitate handiarekin zelairatu zen eta bidasaorrek hasieratik jardun behar izan zuten defentsa lanetan.
Bederatzigarren minutuan estreinatu zuten markagailua igorretarrek entsegu baten bidez, eta Txingudik hainbat arazo izan zituen bizkaitarren presio handiko defentsarekin baloiaren jabetza mantentzeko. Hala ere, Txingudik markagailua berdindu zuen hogeita hamargarren minutuan entsegu baten bidez (5-5). Arratiko Zekorren erantzuna, baina, azkarra izan zen, beste entsegu bat lortu baitzuten; baina lehen zatia ixteko, bidasoarrek zigor kolpe bat erdietsi zuten markagailuko aldea murrizteko (10-8).
Bidasoarrek gogor ekin zioten bigarren zatiari, eta aurrea lortzeko zorian izan ziren, zigor kolpe bat huts egin baitzuten. Hortik aurrera, eguraldi hotzak eta etxekoen presioak Txingudiko jokalarien animoak epeldu zituen eta paseetan akatsak biderkatu ziren. Bizkaitarrek egoera hori aprobetxatu zuten hiru entsegu gehiago lortzeko, horietako bi eraldatuz (29-8). Azken minutuetan, ordea, Txingudi berrindartu zen eta azken entsegua lortu zuen (29-13).
Porrot gogorra bidasoarrentzat, baina partida galdu arren, ligako bigarren postuan jarraitzen dute.