Ospitaleko obren lizitazioa gelditzea eskatu du Osasun Bidasoak
Berriki berritutako ospitaleko bigarren solairuan egin nahi ditu Osakidetzak ebakuntza gelak. Beste eraikin bat eraikitzearen alde egin du berriz ere Osasun Bidasoa plataformak.
Bidasoa ospitaleko ebakuntza gela berriak ez direla erantsitako eraikin bat izango adierazi du Osasun Sailak, Osasun Bidasoa plataformak gaur plazaratu duenez.
Kirurgia arloko langileei hots egin zien Sailak ebakuntza blokeak zituen beharrak zein ziren azal zitzaten, “eta jakinarazi zitzaien ez zela inolaz ere aurreikusten ospitaleko beste eremu batean obra egiteko aukera, baizik eta oraingo eraikinaren bigarren solairuan egingo dutela blokea, duela gutxi berritutakoan”.
Kokaleku hau hautatu izanak nahi ez dituzten ondorioak izango dituela diote plataformako kideek, hala nola, ospitalizaziorako 20 ohe galduko lirateke, eta egun bigarren solairuan dauden zerbitzuak modulu aurrefabrikatuetan birkokatu beharko ziren, “horrek dakarren gainkostu ekonomikoarekin”.
Horrez gain, Osasun Sailaren proposamena gauzatzeko 18 hilabete iraungo dituen obrak egin behar dira, eta horrek eragin zuzena izango duela pazienteengan diote, bai laguntzaileengan eta baita profesionalengan ere, “etengabeko zaratak, obra-hondakinen mugimenduak, hautsa eta abar”.
Laster lizitatuko dituzte lanak, eta aldez aurretik profesionalekin, erakundeekin eta herritarrekin partekatzeko hartutako konpromisoa bete gabe egingo dutela diote, “errespetu falta handia dela iruditzen zaigu profesionalekiko eta herritarrekiko”.
Beraz, proiektu berriaren lizitazioa gelditzea eskatu dute eta aukera guztiak balora ditzatela. Ondoren, herritarren elkarteek parte hartzeko prozesu bat martxan jartzea nahi dute.
Aurreko proiektua
2021eko irailean iragarri zuen Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak Bidasoko ospitaleko bloke kirurgikoa berritu nahi zutela. Hasierako proposamenak ebakuntza zerbitzuak urte eta erdiz Donostiara mugiaraztea zekarren, eta asmo horiek gelditzea lortu zuen plataformak.
Orduan, Osasun Sailburuak adierazi zuten proiektu berria idazteko profesionalak, erakundeak eta herritarrak kontuan izango zituztela, baina “konpromiso hori, gaur egun, ez da inola ere bete” salatu dute.
Dena den, osasun sektoreko profesionalek hainbat proposamen egin dituzte auzian eragin aldera, baina Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta Bidasoko ESIko gerentziak ez dituztela inoiz jaso nahi izan deitoratu du plataformak. Proposamena beste ospitaleetan egindakoan oinarritutakoa da: “bloke kirurgiko berria eraikin erantsi batean kokatzea”.
Atzera bota dute proiektu hori aurrekontu garestiagoa eskatzen duela argudiatuz, baina plataformakoak kexu dira aurrekonturik inoiz ez erakutsi izana hori frogatzeko.
Diru kontuekin segituta, aurreko proiektua geldiarazteak zenbateko kostua izan duen jakin nahi dute, eta arduradunek har ditzatela haien gain aferaren kudeaketa txarra eginagatik erantzukizunak eskatu dute ere.