Lastaola Postetxea kaleko lanen aurkezpena egin du udalak
Helburu nagusia ingurua urbanizatzea eta auzoaren bi aldeak batzea da. Lursailaren %60 etxebizitza babestuetarako erreserbatu dituzte.
Behobia auzoko Lastaola postetxea karrikako lanekin hasiko direla jakinarazi du gaur Miguel Angel Paezek, Hirigintzako ordezkariak. Iragan hilabetean onartu zuten inguru horretarako behin betiko Plan Berezia.
Auzoan sartzeko bideetako bat eta Artiarekiko lotura nabarmen hobetzea da lanen helburua, “auzotarrak gozatzeko gune gehiago sortzea, eta protagonismoa etxebizitza publikoari ematen dion bizitegi programa bat sustatzea” azaldu du Paezek. Antolamendu proposamenaren arabera “eremua inguruko hiri egituran eta paisaian integratuta” geratuko da.
Lanaren xehetasunak
Dario Regoyos kaleko bide publikoa luzatuko dute, Lastaola Postetxea kalearekin lotzeko, eta era horretan, errepidearen jarraitasuna lortuko dute. Oinezko eta txirrindulariei ere erreparatu dietela bidearen zati honetarako zehaztu dute.
Bestetik, Juan Thalamas Labandibar kaleko errepidearen (GI-636 errepidearen) trazatua hobetuko dute, “bertako zirkulazio handiak auzoan duen eragina arintzeko, errepideari kale itxura handiagoa emanda”. Bertan ere oinezkoak babesteko espaloi bat sortzea planteatu dute, Behobiarekin lotuta egongo litzatekeena.
Biribilgune bat jarriko dute Juan Thalamas Labandibar kalea eta Endarlatsa hiribidea lotzeko balioko duena. Era berean, Maria Juncal Labandibar, Lastaola Postetxea eta Dario Regoyos kaleak gurutzatuko ditu.
Espaloi eta errepidearekin lotutako lan guztien helburua “zirkulazioa arintzea” dela azaldu du udal ordezkariak, “baita auzoaren bi aldeak lur gainetik lotzea ere”. Dena den, trafikoa arintzeko lehenik eta behin ibilgailuen zirkulazioa arindu behar dela adierazi du Paezek.
Obrak egingo dituzten lursailaren %60 etxebizitza babestuetarako erreserbatu dituzte, eta partzela horiek lau eraikuntza partzelatan bereiziko dituzte. Berdeguneak ere aurreikusi dituzte eta horretarako baliatuko dute Mendipe lursailaren %25a.
Bestalde, 2.500 metro koadroko baino gehiago dituen plaza bat eraikitzeko aukera dagoela dio udalak, auzo elkartearen ondoan dagoen gunean. Geroago, urbanizazio proiektua aurkezten dutenean plazari buruz arituko direla diote.
Saio irekia
Etzi, otsailaren 8an, Behobiako auzo elkartean, 19:00etan, obra hauen berri emateko saio irekia antolatu du Irungo Udalak. Obren ildo nagusiak azalduko dituztela aurreratu dute.